Arrauna. Kontxako Banderaren sailkatze estropada

Sentimenduen talka

Kontxako Banderako sailkatze estropada jokatuko dute gaur Donostian 24 taldek (18:00), eta zazpi aurrenekoak sartuko diraItsaso txarra eta haizea dago iragarrita, eta horrek zabaldu egiten die tartea ezusteei

Urdaibai, iaz, Kontxako estropadako lehen jardunaldian, itsaso zakarrean arraunean; antzeko baldintzak izango dituzte gaur. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Heldu da eguna. Arraunlariek eta arraunzaleek gorriz jarrita izaten duten eguna hemen da. Kontxako Banderari gaur emango zaio hasiera, sailkatze estropadarekin (18:00). Erlojuaren aurka, banaka, hogeita lau traineru ariko dira lehian, eta saria gutxi ba- tzuentzat bakarrik egongo da: zazpi azkarrenek lortuko dute datozen bi igandeetan Kontxako Bandera irabazteko lehian izatea.

Bi multzotan banatu dituzte taldeak. A izenekoan, San Miguel ligako hamabi ontziak daude, eta B-n, beste guztiak: KAE 1 eta 2koak, eta Galiziako ligakoak. Bi multzoetako bat abiatuko da lehenik, eta zozketak zehaztuko du hori; eguerdian, 12:00etan egingo dute klubetako ordezkariek.

Berez zirraragarria den estropadari gatz eta piper gehiago jartzeko, itsaso txarra eta haizea daude emanda. Ia bi metroko olatuak espero dira, eta haizeak 25eko indarrarekin jotzea ere aurreikusten da, ipar-mendebaldetik. Itsaso berdea, zalantzarik gabe. Horrek handitu egiten die kezka arraunlariei eta entrenatzaileei, ezusteak gertatzeko aukera ugaritu egiten baita. Faboritoak ohi baino estuago egongo dira, kirioak dantzan, eta faborito ez direnei argiaren koloreak azalduko zaizkie, aukera handiagoa izan dezaketelakoan.

Gaurkoa bezalako estropadetan, ia ezinbestekoa izaten da pronostikoak egitea. Hau eta bestea sailkatuko direla, beste hura kanpoan geratuko dela... Itsasoaren egoera txarrak erabat baldintza- tzen ditu, ordea, aldez aurreko kinielak. Berez barruan behar luketenak ez daude hain barruan, eta kanpoan leudekenak ez daude hain kanpoan.

Itsasoaren egoera ona balitz, kiniela guztietan agertuko lirateke San Miguel ligako lehen lau sailkatuak: Kaiku, Hondarribia, Urdaibai eta Tiran. Ondorengo biek ere aukera ona lukete, San Pedrok eta San Juanek. Zazpigarren lekua legoke dantzan, eta dantzarako hautagai asko. Baina bide horri heltzea baino ziurragoa izango da pronostikoak egiterakoan itsaso txarrarekin egin dezaketen lana aztertzea.

Beste bide horretan sartuta, Kaiku, Hondarribia eta Tiran ondo moldatzen dira ur mugituetan. Denboraldi honetan erakutsi dute. Urdaibaiko arraunlariak ez dira gaur goizekoak, eta edozein egoeratan aritzeko gai dira. Mesedegarri ere izan dakieke gaurko egoera. San Pedro ez da eroso moldatzen itsaso mugituan; aurten ez, behintzat. Gipuzkoako txapelketa, kasurako. Laugarren egin zuen. Garbi dago itsaso txarrak ez diela mesederik egiten. San Juanek zer eman dezakeen jakitea ez da erraza. Herrialdeko txapelketan ondo moldatu zen, eta erreferentzia da lan hura.

Orioren aukerak

Beste denen artean, begirada guztiak Oriorengan daude iltzatuta. KAE 1eko garailea sartuko den, ez den sartuko, hor dabil arraun mundua. Aukera izango duela ez da dudarik, baina Gipuzkoako txapelketa hartan, itsaso mugituan egindako hutsak ezingo ditu berriz egin. San Miguel ligakoen artean, Portugaletek ere bereganatu du arreta. Arraunlari berezkoen araudia bete beharrik ez dagoenez, Kontxako estropadan, talde indartsuena aterako du.

Espainiarren artean, Castro, Astillero eta Pedreña galdera ikurraren azpian daude. Castro izan da erregularrena aurten, eta, berea egiten badu, kontuz. Astillerok hobekuntza izan du, eta bide on horrek saria eman diezaioke. Pedreña dabil estuen, baina kalitatea badu handiren bat egiteko. Hiru horien kasuan ere, ezinbestekoa izango dute itsaso txarrean ondo moldatzea.

Gero, Zierbena eta Zumaia daude. Bizkaitarrak ondo dabiltza, eta badakite lan ona egiten itsaso txarrean. Eguneko ezuste handiena izango al da? Zumaiaren helburua, berriz, San Miguel ligako kanporaketan dago. Beste parte hartzaile guztien artean, Chapelak ematen du atentzioa. Galiziako ligako bigarrena izan da, eta ikusmina dago zer egin dezakeen. Garaileak, Amegrovek ez du parte hartuko, abuztuaren 1ean bukatu zelako hango ordezkaria aukeratzeko epea, eta, orduan, Chapela zen buruan ligan.

19:00 inguruan, zazpi taldetan poza izango da, eta kanpoan gutxigatik geratu direnen artean, tristura. Horixe du gaurkoak. Donostiarrakoak zain dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.