Sentipen ezberdinen derbia

Hiru urteren ostean, Osasunak eta Realak derbia jokatuko dute Nafarroako Erresuman

Asier Legarda
Ereño. Xabier Lopetegi. Iruñea Donostia
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Golak sartzen Ligako talderik eskasena dela garbi utzi du Osasunak sasoi hasiera honetan, eta, horren ondorioz, jaisteko postuetan dago jada. Denboraldi-aurreko emaitza kaskarrek ingurua nahastu egin bazuten, lehiaketa ofiziala hasi zenetik joandako hiru asteek ez dute lagundu giroa baretzen. Urduritasuna nagusi da Osasunaren inguruan, eta Realaren aurkako gaurko derbira puntu premia larriarekin iritsiko dira nafarrak, sasoiko laugarren jardunaldia soilik izan arren. Behingoz gola sartzen asmatzea eta Reala menderatzea da Jose Antonio Camachok zuzentzen duen taldearen helburua. Garaipenek ematen dute lasaitasuna izatea eta sasoiko lehen partida irabaztea ezinbestekoa da gorritxoentzat.

«Futbolean gauzak asko aldatzen dira aste batetik bestera, eta Realak sasoia poliki hasi badu ere, irabaziz gero, aurre hartuko diogu, eta asteartean bertan bi taldeen egoeraren inguruko analisiak guztiz ezberdinak izan daitezke», esan zuen herenegun Asier Riesgok. Realeko atezain ohia gorritxoen ordezkoen aulkian izango da gaur; baina, iritsi berria izanagatik, badaki Osasunak garaipenak behar dituela giroa baretzeko. Eta taldekide izandakoak mendean hartzeak lasaitasuna ekarriko lukeela uste du, taldekide berriek bezalaxe.

Camachok ere antzeko hitzak erabili zituen atzo: «Irabaztea da irtenbidea, sentsazioak oso garrantzitsuak baitira futbolean. Reala oso ondo ari dela dirudi, esaterako, eta, guk bezalaxe, Real Madrilen aurka galdu egin zuen. Gu, gainera, etxetik kanpo aritu ginen Real Madrilen aurka, eta Reala, aldiz, bere zelaian. Zaleek taldeari edozein zelaitan irabazteko eskatzea ona iruditzen zait, baina Bernabeun galdu genuelako entzun ditugunak entzutea ez da normala izan. Onartu beharra dago etxetik kanpo jokatu ditugun bi partidetan ez dugula eman itxura ona, baina etxetik at talde guztiei kostatzen zaie puntuak batzea. Realak sentsazio onak ditu, eta horrek indarra emango die, baina Iruñean partida zaila izango dutela badakite».

Sasoiko laugarren jardunaldia izan arren, final kutsua dario denboraldiko lehen derbiari. Camachok ez du halakorik entzuterik nahi, dena dela: «Gehiegizkoa da final bat dela esatea, baina nahi duena esateko libre da jendea. Laugarren partida da, eta Valentziaren egoeran egotea nahiago nuke [hiru partidak irabazi ditu Unai Emeryren taldeak], baina hori ezinezkoa da».

Gaurko hasierako hamaikakoa zein izango den aurreratu ez badu ere, sasoiko lehen partidan Almeriaren aurka hasieratik jarritako taldearen antz handia izango du. Sergio eta Josetxo min hartuta daudenez, atzeko lerroan Lolok eta Flañok jarraituko dute erdiko atzelari lanetan. Erasoan ere ez da aldaketarik espero, eta Juanfran, Camuñas, Pandiani eta Aranda ariko dira ziurrenik. Almeriaren aurka baino eraginkorragoak izan beharko dute, dena dela. «Gol gabezia da kezkatzen nauen gauza bakarra, defentsan ondo ikusten baitut taldea. Erasoan gehiago eman behar dugu, eta jokaldiak amaitzen asmatzea izango da gakoa, aurkariaren areara ondo iristen baikara».

Hiru urte pasatxo joan dira Osasunak Nafarroako Erresuman Reala partida ofizialean hartu zuen azken alditik. 2-0 irabazi zuen orduan Cuco Zigandak zuzentzen zuen taldeak. Sasoia amaitzeko bi jardunaldi falta zirela, salbazioa matematikoki ziurtatu zuten nafarrek, eta, bide batez, donostiarrak ia erremediorik gabe Bigarren Mailara kondenatu. Donostiarrek mendekua hartu nahiko dute gaur.

Realak lurrera itzuli behar du

Gutxitan gertatu zaio Realari partida galduta hainbeste laudorio edo gorazarre jasotzea, han eta hemen. Horietako asko talde txuri-urdinari begirune gutxi izan dioten hedabideen ahotik atera dira. Baina Real Madril tartean dagoenean dena puztu egiten da. Ezohiko tamaina hartzen du. Gainera, Realak hiru urte daramatza askorentzat desagertuta, eta horrek ere izan du eraginik. Jokalariek harro egoteko moduko lana egin zuten, zalantzarik gabe. Hitz gozoak baino gehiago, puntu bat edo hiru merezi izan zituzten. Baina hobe dute larunbateko norgehiagoka, ondorengo zalaparta eta galaktikoak lehenbailehen ahaztea eta lurrera itzultzea.

Izan ere, Ligak ez du atsedenik ematen. Aste barruan entrenatzea zen aurreko denboraldian jokalarien kezka bakarra, baina Lehen Maila beste kontu bat da. Zortzi egunean, hiru partida jokatu beharko dituzte. Laudorioak laudorio, Reala esku-hutsik gelditu zen larunbatean, eta puntuak biltzen jarraitu behar du. Martin Lasartek aurrera begiratu beharra nabarmendu zuen atzo: «Garaipen moralek ezer gutxirako balio dute. Emaitza bidezkoa edo bidegabea izan zen, ez diot inongo bueltarik ematen. Nahiko lan badugu Osasunarekin». Hori bai, «larunbateko bizitasunari» eutsi nahi dio talde txuri-urdinak «gaur eta igandean», uruguaitarraren esanetan.

Etorkizuna iragartzea ezinezkoa da, baina teorian, behintzat, Reala eta Osasuna ez dira aparte ibiliko sailkapenean. Mailari eustea dute biek helburu, eta hortik aurrera zenbat eta koska gorago egon, hobeto. Garrantzi handia dute puntuek, eta, gainera, derbia da, beraz, dezenteko zama du lehiak. Handiagoa izan zuen Realak Nafarroako Erresuman jokatu zuen azkenak, duela hiru urte pasatxo. Putzuan zegoen, eta puntuak behar zituen. Osasuna ere matematikoki salbazioa lortu gabe zegoen, baina bai askoz erosoago, eta iraganeko mesedeak itzuli eta hiru puntuak oparituko zizkiola uste izan zuten askok. Ez zen halakorik gertatu, eta giroa zeharo gaiztotu zen.

Lasartek atzo aitortu zuenez, larunbateko partidak ahalegin fisiko eta psikologiko handia eskatu zion Realari. Ondorioz, txandakatzeak ez zituen baztertu. Sutil Griezmann ordezkatzea izan daiteke aukera bat. Frantziarrak Real Madrilen aurka egindako lana goraipatu zuen entrenatzaileak, baina fisikoki zaindu nahi dute: «Sutilek berak zalantza sortzen lagundu du, oso azkar egokitu delako». Rivas edo Aranbururi ere atseden emango die agian, Elustondoren mesedetan. Lehen minutuak izango lirateke beasaindarrarentzatdenboraldi honetan.

Gauzak ez badira okertzen, Llorente deialdian egongo da, baina Tamudok jarraituko du hasierako hamaikakoan. Bolada onean dago aurrelari kataluniarra, baina ez bakarrik bi gol sartu dituelako, baizik eta beste alorretan ere, baloiari eusten esaterako, askok uste baino lan politagoa egiten ari delako. Jokoa ondo ezagutzen duela ikusi zen larunbatean. Azkenik, baliteke Sarpong lehen aldiz sartzea zerrendan, Lasartek aditzera eman zuenez: «Aste hau interesgarria da gutxi parte hartu dutenentzat. Oso itxura ona ematen ari da entrenamenduetan. Taldekideek ere esan izan dute». Osasunaren ustezko krisialdiari dagokionez, «zauritutako animalien» arriskuaz ohartarazi zuen entrenatzaileak.

Demidov, 2013 arte

Vadim Demidov, letoniar jatorriko atzelari norvegiarra Realeko jokalaria izango da 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera. 24 urte dauzka, eta 2013ko ekaina arte sinatu du kontratua. Defentsaren erdian jokatzen du, baina euskarrian ere aritu daiteke. Rosenborg taldean titularra izan da azken urteetan, eta UEFA kopako eta Txapeldunen Ligako norgehiagokak jokatu ditu. Norvegiako selekzioarekin ere bost aldiz aritu da. Lehen Mailako jokalari baten ezaugarriak dauzka, Lasarteren esanetan: «Azkarra da, ondo moldatzen da goitik eta badaki baloia luze jotzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.