Dominaren bat lortzeko lehiatik kanpo geratu da Alberto Munarriz nafarra, Serbiako selekzioak Espainiakoari final laurdenetan irabazi eta gero. Finalerdietara igaro ezinik, diploma olinpiarra eskuratuko du Munarrizek, txapelketa lehen zortzien artean amaituta.
Bazen aldea Espainiako eta Serbiako selekzioek sailkapen fasean utzitako sentsazioetan; B multzoko lehen postuan sailkatu zen Espainiakoa final laurdenetara, eta A multzoko laugarrenean Serbiakoa. Hala ere, faboritoetako bat zen Balkanetako selekzioa; zilarrezko domina lortu zuen 2004ko jokoetan, eta brontzezkoa 2008 eta 2012koetan.
Hori horrela, defentsa lan handian oinarritu dute Serbiako jokalariek garaipena. Filip Filipovicen lehen gola Munarrizek berdindu du, baina lehen laurdena amaitzerako 3-1 ziren aurretik serbiarrak. Milos Cukek aldea handitu du bigarrenaren hasieran, eta, Guillermo Molinak markagailua estutu badu ere, bigarren laurdena amaitzerako 7-3 ziren aurretik serbiarrak.
7-5ra gerturatu da Espainiako selekzioa hirugarren laurdenean; tartean, Munarrizen bigarren golaren bidez. Azken laurdenean, ordea, Stefan Mitroviek eta berriro Filipovicek ezinezko bihurtu dute Munarrizen taldearen berdinketa.