tenisa

Serena Williamsen urrezko erakustaldia

6-0 eta 6-1 irabazi dio Xarapovari olinpiar finalean. Grand Slameko lau torneoak eta olinpiar urre bat irabazten bigarren emakumea da; bestea, Steffi Graf da. Federer-Murray bihar jokatuko dute.

2012ko abuztuaren 4a
16:44
Entzun

Finalik ez da izan emakumezkoetako olinpiar finalean, Wimbledonen. Hasi dira jokatzen Serena Williams (AEB, 1981) eta Maria Xarapova (Errusia, 1987), eta, ohartzerako, ia bukatuta zegoen partida, aurrenaren alde. Zortzigarren minuturako 3-0 ari zen irabazten, ordu erdirako lehen seta eskuratua zuen —6-0—, eta bigarren setean antzera joan dira gauzak —6-1—. Partidako fitxa

"Gehiegi jokatu du Serenak. Indartsuegia izan da niretzako", esan du Xarapovak. Hala ere, pozik doala esan du. "Gozatu egin dut olinpiar hirian". Williams zoratzen zegoen partidaren amaieran. "Dena irabazia dut. Orain joan naiteke Disneyworldera".

Palmaresa aberasteko titulua du Williamsek. Grand Slameko hamahiru titulu dauzka —torneo denetan gailendu izan da; aurten, kasu, Wimbledonen—, eta Olinpiar Jokoetan gaur arte bi urre zeuzkan, baina biak bikoteka: Sidneyn 2000n eta Pekinen 2008an. Orain banaka ere badu.

Hala, Grand Slameko laurak eta olinpiar urre bat irabazten bigarren emakumea da; bestea, Steffi Graf alemana da —1988an lortu zituen denak—.

Xarapovak, berriz, Grand Slameko lau titulu ditu, bakoitzetik bana. Londreskoak izan ditu lehen Jokoak, eta zilarra behintzat, irabazi du.

Federer-Murray, bihar

Gizonezkoetako finala igande honetan izango da: Roger Federer (Suitza, 1981)-Andy Murray (Erresuma Batua, 1987).

Banaka Grand Slameko hamazazpi titulu ditu Federerrek, baina oraindik ez dauka olinpiar urrerik. Orain arte banaka 2000ko Sidneyko Olinpiar Jokoetan lortu zuen emaitzarik onena: laugarren. Duela lau urte Pekinen binaka urrea irabazi zuen.

Grand Slamen artean zazpi Wimbledon ditu, bost AEBetako Ireki, lau Asutraliako Ireki eta Roland Garros bat. Gizonezkoetan hark du Grand Slam gehien.

Murray eskoziarrak ez du Grand Slamik, ez olinpiar dominarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.