Serenaren susperraldia benetakoa da

Williams ahizpen artean gazteena Australiako Irekiko finalean ariko da, Sharapovaren kontra

enekoitz telleria sarriegi
2007ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Bueltatu egin da. Tenisa jarri du lehentasunen zerrendan aurreneko postuan berriz. Ongi du belauna, neurrian kiloak, eta bete-betean sasoia. Bi urteko erretiro ustezkoa borondatezkoa edo behartua izan den ez da inor ausartuko argitzera, baina Serena Williamsen susperraldia benetakoa da. Australiako Irekiko finalerako sailkatu zen atzo. 2003an eta 2005ean irabazi zuen torneo berbera irabazteko aukera du. Maria Sharapova du gora bidean koska bakarra.

Telebistako serieak, moda erakustaldiak eta zinema. Horiek izan dira Serena Williamsen ihesbideak azken bi urteetan. Belaunak jokatzen uzten ez ziolako jartzen zituen haiek lehentasun gisa, edo haiek lehentasun gisa jartzen zituelako ematen zion ohi baino min handiagoa belaunak. Kostako da hori argitzea, baina bere garaian emakumezkoen tenisean indar bortitzaren legea ezarri zuen tenislaria bueltatu da. Haren azken urteetako gorabeherek beti uzten diote mesfidantzari tartea, baina Australiako Irekiko finalera iristea ez dago edonoren esku. Bidean atzera utzi dituenak eta haiek atzera uzteko moduak badira nahikoa argudio haren susperraldian sinesteko. Atzo, Nicole Vaidisova gazteari irabazi zion. Lehen aldiz aritu zen 17 urteko txekiarra grand slameko finalerdi batean. Lehen seta irabazteko aukera alferrik galdu zuen, eta bigarrenean 5-1ekoari buelta ematekotan izan zen, baina partidari neurria hartua zion ordurako Williamsek (7-6 eta 6-4). Finalean kontrario Maria Sharapova izango du. Astelehenetik aurrera WTA zerrendako tenislari onena. Kim Clijsters utzi zuen hark kanpora (6-4 eta 6-2), eta ez du belgikarrak Australian nagusitzeko beste aukerarik izango, ezkondu eta erretiroa hartzeko asmoa duela iragarri baitu.



FEDERERREN ERAKUSTALDIA. Gertatzen ari denarekin harrituta, jendeari irribarreak ihes egitea ez da oso ohikoa tenisean. Atzo Melbourneko pista nagusian gertatu zena ez da, beraz, oso ohikoa, baina han izan zirenek ez dute erraz ahaztuko Roger Federerrek emandako erakustaldia. Suitzarrak berak aitortu zuen amaieran shock egoeran zegoela, emandako mailarekin txundituta. Andy Roddick gajoa. Alferrikakoak izan ziren 228 kilometro orduko abiaduran ateratako sakeak. Zenbat eta gogorrago eman, orduan eta gogorragoak bueltan. Erraz aritu zen tenisean Federer: parera batzuetan, gurutzatuta bestean, pentsatu gabe jokatzen duela ematen du. Tarte batean hamaika joko irabazi zituen jarraian, dena ondo eginda (6-4, 6-0 eta 6-2).

Etsita bukatu zuen Roddickek. Erraketa ere bota zien argazkilariei haserre -barkamena eskatu zien gero-, eta prentsaurrekoan umorez onartu zuen porrota. «Etsigarria izan da, miserablea, kaka zaharra. Ikaragarria izan da. Gainontzean, dena ongi».

Igandeko hori jarraian jokatuko duen grand slameko zortzigarren finala da Federerrentzat. Set bakarra galdu gabe iritsi da, eta 35 partida daramatza galdu gabe. Haren kontrarioa nor izango den gaur jakingo da. Haasek eta Gonzalezek dute finalerdietako partida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.