Sergio: «Ez gaude inor biziberritzeko, eta bete-betean zelairatu beharra daukagu»

Osasunak Sportingen aurka jokatuko du bihar, eta espainiarren krisi egoera baliatu nahi du Sergiok, gora egiteko

Erredakzioa
Iruñea
2012ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
«Etxeko hiru partidetan irabazi ez duguna etxetik kanpo eskuratzen saiatu beharko dugu». Intentzio argia dauka Sergio Fernandezek, Osasunako atzelariak, biharko Sportingen aurkako partidarako. Realaren aurka 5-1 galdu ondoren, krisi giroan daude Gijon aldean. Aste honetan, zuzendaritzak kargutik kendu du Manuel Preciado entrenatzailea —Iñaki Tejada da entrenatzaile berria—, eta pentsatzekoa da amorru biziz zelairatuko direla jokalariak, entrenatzaile berriari erakusteko hamaikakoan lekua badaukatela. Osasunako jokalariek ondo barneratuta daukate egoera. «Badakigu Sporting egoera zailean dagoela, baina gu ez gaude inor biziberritzeko, eta bete-betean zelairatu beharra daukagu».

Lehen minutu horiei garrantzi handia eman die espainiarrak. «Lehen minutu horietan arriskua sortzen badiegu, eta Sportingi ez badiogu uzten jokatzen, zaleak protestaka hasiko dira agian». Hori bai, Sporting estutzen hasten bada, Sergiok badaki zaleak taldearen ondoan egongo direla. «Horrek laguntza eta indar handia emango lioke taldeari, guri irabazteko. Ez da batere partida erraza izango».

«Partida berezia izango da»

Asturiarra da Sergio, eta, Celtan eta Zaragozan jokatu aurretik, Sportingekin Lehen Mailan aritutakoa da. «Haiek eman zidaten aukera maila gorenean aritzeko, eta partida berezia izango da niretzat». Beretzat, eta etxekoentzat. «Lagunak Sportingen alde egongo dira, eta amak, ziurrenik, nahiago izango du nik irabaztea. Hori bai, Sportingek irabazi eta Osasuna azkenean Bigarren Mailara jaisten bada, etxean edukiko nau berriz, eta hori ere ez du nahiko», adierazi zuen, barrez.

Osasunak zero azpitik lau gradu zeudela egin zuen atzo entrenamendua, Taxoaren, baina biharko giroa zertxobait epelagoa izango da Gijonen. Gaur 11:00etan egingo dute azken entrenamendua, eta autobusean joango dira gero Gijonera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.