Bere ibilbideko arrastarik handiena lortu zuen Sevillak pasa denboraldian, UEFA Kopa modu paregabean irabazita. Espanyolek, berriz, bere historiako unerik tristeena bizi izan zuen orain 19 urte, UEFA Kopako finala ezustean, penaltietan galduta. Gaur, berriz, bi taldeak elkarren kontra arituko dira denboraldi honetako UEFA Kopako finalean, Glasgowko Hampden Park Estadio mitikoan (20:45 Antena 3). Batak, hortaz, iazko arrakastaren bidetik jarraitunahiko du urte bete geroago. Bestea, berriz, 1988ko amesgaiztoa amets gozo bihurtzeko intentzioarekin aterako da zelaira.
Final bat denez, ez dago faborito argirik. Baina hasteko, behintzat, Sevillak Espanyolek baino aukera gehiago ditu. Batetik, jokalari hobeak dituelako, eta denboraldi ikusgarria egiten ari delako. Eta bestetik, iazko ekitaldiko garailea delako. Halere, finalera heltzeko Espanyolek baino gehiago sufritu du. Sailkatze kanporaketan Atromitos talde greziarra kanporatu zuen lasai antzean. Ligaxkan, berriz, bigarren postuan gelditu zen, AZ Alkmaarren atzetik. Finalerako kanporaketetan, aldiz, nola final-zortzirenetan hala finalerdietan dezente sufritu zuen. Futbolzaleen eta, batik-bat, sevillazaleen gogoan dago Palop atezainak Shakhtar Donetsk-en zelaian sartutako gola. Arauzko denbora beteta zegoenean, luzapena behartu zuen gola sartu zuen Palopek. Horri esker egin ahal izan zuen aurrera Sevillak.
Osasunak ere hortzak erakutsi zizkion finalerdietan. Joanekoan, Iruñean, 1-0 irabazi zuten gorritxoek, eta gol gehiago sartu ez zituztenean... Itzulikoan, berriz, Sevillak talde handia dela erakutsi, eta kanporaketa irauli zuen, 2-0 irabazita. Juande Ramos entrenatzaileak atzo emandako prentsaurrekoan esan bezala, titulua defendatzeko «erantzukizuna» du Sevillak. Hori lortzen badu, gainera, Real Madrilen marka berdinduko du. Izan ere, Reala Madril da, UEFA Kopa bi aldiz segidan irabaztea lortu duen talde bakarra. 1985ean eta 1986an izan zen hori. Sevillak marka hori berdintzeko aukera du. Horretarako, bere hamaikako onena zelairatu ahal izango du Ramosek. Hori bai, Escude erdiko titularra zigortuta dago.
PARTIDARIK GALDU GABE. Espanyolek, berriz, ibilbide paregabea osatu du UEFA Kopan. Izan ere, 14 partida jokatu, eta ez du bakar bat ere galdu. Ligaxkan, esaterako, laurak irabazi zituen, Sparta Pragaren edota Ajaxen zelaietan nagusituta. Finalerako bidean, berriz, final-laurdenetan soilik sufritu zuen. Orduan 3-2 irabazi zion joanekoan Benficari, baina gero, Lisboan, ikaragarri sufritu zuen husnakoari eusteko. Partida hartan berebiziko garrantzia eduki zuen Gorka Iraizoz atezain iruindarrak. Egia esan, partida hartan eta lehiaketa osoan: lehia guztiak jokatu ditu eta bederatzi gol jaso. Pandiani aurrelariak ere berea lagundu du. 11 gol egin ditu. Halere, gaur ez da hasieratik ariko, Valverdek bere galako hamaikakoa zelairatuko duelako . Beraz, Tamudo eta Luis Garcia izango dira aurrelariak, hegaletan Rufete eta Riera dituztela.
Argi dago zein den Valverderen apustua. «Gure estiloari eusten saiatuko gara», esan zuen. Atzo, 1988an ez bezala, ez zuen kopa hatzekin ukitu: «Partida luzea izango da, eta hori gobernatzen saiatu behar dugu».
Sevilla eta Espanyol elkarren kontra gaur, UEFAko finalean
Iazko arrakasta errepikatu nahi du batak, eta orain 19 urteko amesgaiztoa amets bihurtu, berriz, besteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu