Igeriketak badu errege berria: Ryan Lochte. Estatubatuarrak ezustea eman du Shanghain (Txina), Munduko Txapelketan. Atzo, urrezko laugarren domina eskuratu zuen; Michael Phelpsek baino bi gehiago ditu.
Inor gutxik espero zuen Lochte hain ongi aritzea, baina guztien gainetik dabil. Zale gehienak Phelpsi begira zeuden, baina Lochte ari da nagusitzen. Jadanik urrezko lau domina eskuratu ditu, baita munduko marka berri bat ezarri ere. 2009an ez zen harrigarria izango, asko hautsi baitziren, baina txapelketa honetan hautsi duten marka bakarra da, oraingoz.
Atzo, urrezko bi domina irabazi zituen, bizkar estiloko 200 metrokoan eta 4x200 metroko proban. Bizkar estilokoan, urrezko hirugarren domina eskuratu zuen. 1.52,96 behar izan zuen finaleko kontrarioak atzean uzteko. Zilarrezko domina Ryosuke Irie japoniarrarentzat izan zen; Lochtek baino 1,15 segundo gehiago behar izan zituen. Brontzezko domina, berriz, Tyler Clary estatubatuarrarentzat izan zen, Lochterengandik 1,73 segundora.
Atzo, beste berdinketa bat egon zen, emakumezkoen estilo libreko 100 metrokoan. Shanghaiko txapelketako bigarren berdinketa da —asteartean, bizkar estiloko 100 metrokoan Camile Lacourt eta Jeremy Stravius frantziarrek denbora bera lortu zuten: 52,76—. Jeanette Ottesen danimarkarra eta Aliaksandra Heresimenia bielorrusiarra dira munduko txapeldunak. Biek 53,45 segundo behar izan zituzten igerialdia burutzeko eta urrezko domina eskuratzeko. Proba horretan brontzezko domina Ranomi Kromowidjojo herbeheretarrak eskuratu zuen, 53,66 segundoko denborarekin.
Lochte eta Phelps, urre ziurra
Munduko bi igerilaririk onenak talde berean arituz gero, zaila da urrezko dominarik ez eskuratzea.AEBek biak elkartu zituzten 4x200 metroko probarako, Peter Vanderkaay eta Richard Berensekin batera. Lochtek eskuratu duen laugarren urrea da; Phelpsek, berriz, lortu duen bigarrena.
Hasieratik lehia estua izan zuten Frantziarekin; Phelps hasi zen lehen txandan. Ezin izan zituen Yannick Agnel frantziarra eta Paul Bidermann alemaniarra garaitu, eta 200 metroak hirugarren amaitu zituen. Ondoren hasi zen berdinketa. Vanderkaayek aurre hartu zuen, Frantzia bigarren tokian utzita, baina Berensek ere ezin izan zuen bere taldea lehen postuan utzi, Camille Lacour frantziarrak aurre hartu baitzion.
Azken metroetan, Lochtek ez zuen hutsik egin, nahiz eta ordu bat lehenago hirugarren urrea lortu zuen. Bigarren postuan hasi zen arren, denbora izan zuen Fabien Gilot frantziarra atzean uzteaz gain bi segundoren abantaila lortzeko. Horrenbestez, Munduko Txapelketako laugarren urrea eskuratu zuen.
Atzo irabazitako bi urreekin aise erakutsi du gainontzeko igerilarien gainetik dela. Munduko Txapelketan ezustea ematen ari da, eta aldi berean Phelps mehatxatzen. Azken horrek asko entrenatu beharko du Pekinen lortu zuena Londresen berdindu ahal izateko.
Shanghaiko errege
Ryan Lochtek Shanghaiko Munduko Txapelketako urrezko laugarren domina eskuratu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu