Gescrap Bizkaia. Jackson (15), Vasileaidis (19), Mumbru (16), D'Or Fischer (11), Hervelle (10) —hasierako bostekoa—; Mavroeidis (6), Banic (6), Raul Lopez (5), Grimau (5), Blums eta Fisher.
Real Madril. Llull (4), Pocius (1), Suarez, Mirotic (18), Begic (6) —hasierako bostekoa—; Reyes (2), Rodriguez (5), Carroll (8), Velickovic (17) eta Singler (8).
Markagailua. 34-14, 52-26 (atsedenaldian); 72-51 eta 93-69.
Epaileak. Cerebuch, Boltauzer eta Vojinovic. Llull eta Singler kanporatu zituzten (40. min.).
Bestelakoak. 9.158 ikusle Miribillako pabiloian.
Gauza berezia omen elurra Bilbon. Baina elurra egin zuen atzo Bizkaiko hiriburuan. Bilbon tenperaturak zero gradutik behera egitea berezia omen. Baina jaitsi egin zen atzo. Siberia urrun eta hotzetik Euskal Herrira iritsi den haize hotzarena omen errua. Miribillara ere iritsi zen haize hotza, baina etxeko mutilak berotzeko eta aurkariak izozteko. Izotz beltza ikusten ez den bezala, itsututa geratu ziren madrildarrak Siberiako haize beltzarekin, eta egoerarik txarrenean ere pentsatzen ez zuten muturrekoa hartu. Gescrapek perfekzioaren pare jokatu zuen lehen zatiko minutu askotan, eta lehen hamar minutuetan gaur zortzi Madrildik ekarritako hamasei punturen atzerapenari buelta ematea posible zela sinetsi zuen: 34-14.
Egin zituen lehen zazpi jaurtiketak saskiratu zituen Bizkaiak, eta defentsan orain arte gutxitan erakutsitako tentsioa, grina erakutsi. Falta asko egitearen truke, laurdena bukatzeko zazpi minutu falta zirela egin baitzuen bosgarren falta. Ordurako, ordea, 10-0 zen aurretik Katsikarisen taldea, eta egurrean jarraitu zuen defentsan, eraso ia guztietan saskiratu izanak indarra emango balio bezala. Real Madrilek balantza orekatu zuen apur bat Miroticen hirukoari esker (14-8), baina hor geratu zen. 11-0eko partziala lortu zuten etxekoek Vasileiadisen hiruko batekin, Jacksonek segidan sartutako bost punturekin eta Roger Grimauren hiruko beste jokaldi batekin.
Sutan zeuden bilbotarrak, Miribilla bultza eta bultza, eta lehen laurdena 20 punturen aldearekin bukatu zuten. Eromena. 20 minutu lehenago oso zail zegoen Top16an bizirik jarraitzea, eta bat-batean, tarte txikian, balantza bizkaitarren alde. Lanean jarraitzea onena, asko falta zelako, eta halaxe egin zuten, bigarren laurdenean ere Real Madril ito zutelako. Lehen laurdenean 14 puntu jaso zituzten eta bigarrenean bi gutxiago. 26 denera, partidako 40-45 sartzen dituen talde puskak.
Gescrapek eman eta eman jarraitu zuen, eta aurkariak halako bi puntu zituen atsedenaldian: 52-26. Vasileiadis agintari ari zen gehien atsegin duen giro beroan, Mumbru Suarez eta Singler erotzen, D'Or Fischer bere saskiari giltzarrapoa jartzen, eta denen gainetik, Aaron Jackson. Hartfordekoak jarri zuen erritmoa. Orain korrika, orain lasaiago. Maisua da estatubatuarra kontraerasoetan eta Katsikarisen taldeak saskibaloi eskolak eman zituen: errebotea, korrika egin eta kontraeraso eraginkorrak. Txikitu egin zuen Real Madril. Adierazgarria zen Lasok aulkian zeukan aurpegia. Hutsarteak agortuta, zer esan ez zekiela geratu zen, jokalarien jarrera eta ezina ulertzen ez zuela, eta indarrak aldagelerako gordetzea erabaki zuen.
Logikoa zen buelta etortzea, ez baita normala batek hain erraz irabaztea eta besteak hainbeste erraztasun ematea. Eta Velickovicek eman zuen erantzuna: 17 puntu lortu eta 19 puntura hurbildu zuen Real Madril. Tenplea behar zen, odol hotza, aldeari eusteko, eta, zorionez, asmatu egin zuen Bizkaiak. Siberiako haizea etorri da, baina Moskun bertan sumatzea txarra ez. Gertuago du.
Gescrap Bizkaia 93. Real Madril 69
Siberiatik dator haize beltza
Perfekzioaren mugan jokatu du Gescrapek une askotan, eta 24 punturen aldearekin azpiratu du Real Madril
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu