Sienak erakutsiko du Gescrap Bizkaia non dagoen Europan

Montepaschi talde handia da; Lauko Finala bitan jokatu du azken hiru sasoietan, eta izar distiratsu asko ditu

Andoni Urbistondo.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Non dago Gescrap Bizkaia Europan? Zein da haren erronka? Zer eskatu behar zaio? Final-laurdenak onartzeko moduko helburua al da? Galdera asko, eta erantzunik ez. Top16an lehen aldiz jokatuko duen talde baten keriak dira. Gescrap Bizkaiak ACB ligan zer egiteko gai den erakutsi du, baina Euroligan, aldiz, ez. Oraingoz, bederen. Ligaxkako langa gainditu izana ona da hasteko, baina nola sailkatu zen gogoratzeak zuhur izatea gomendatzen du. Azken bi partidak irabazita lortu baitzuen, ozta-ozta.

Presiorik bai, edo ez? Gauzak normal, Gescrapentzat oso zaila izango da final-laurdenetaraino iristea. F multzoak Europako bi talde indartsurekin parekatu du, Montepaschi Siena eta Real Madrilekin, eta ezustekoa emateko bizkaitarrek baino lehengai hobea daukan beste talde bat: Unicaja. Saskibaloian, ordea, normalak ez diren gauzak gertatzen dira batzuetan, eta normaltasun falta hori bilatuko du Fotis Katsikarisen taldeak. Ligaxkan ere bidean geratzeko hautagaia zen, eta aurrera egin zuen. Orain, Top16an dago, eta apustu guztiek diote multzoko azken sailkatua izango dela. Ikusiko da.

Gaueko hamaikak aldera jakingo da zerbait. Lehen arrastoa. Ordu horretarako bukatuko da Top16ko lehen partida, Sienan. Montepaschi oso aurkari gaiztoa da, izarrez josia, Top16 txiki geratzen zaiona. Ez alferrik, 2008ko eta 2011ko denboraldietako Lauko Finalak jokatu zituen, eta haientzat porrot ikaragarria litzateke final-laurdenetatik at geratzea. Sailkapena lortutzat jotzen dute, Gescrap eta Unicaja baino gehiago direla sinetsita daudelako. F multzoko burua lortzea da erronka Simone Pianigianik gidatzen duen taldearentzat —Europan izen handia du entrenatzaile hark—.

Ligaxkako emaitzei errepasoa eginez gero, Montepaschi Top16ra aise sailkatu zela esan daiteke. Hamar partida jokatu, eta zortzi irabazi zituen, horietako azkena Bartzelona ahaltsua menderatuta. 8-2 balantzea talde handien eskura bakarrik dago, etxetik kanpo gutxienez hiru partida irabazi dituela erakusten baitu datu horrek. Etxean talde sendoa da. Bost partida jokatu zituen ligaxkan, eta bakarra galdu, Unics Kazan errusiarren aurka (73-79). Ondoko xehetasuna garrantzitsua da. Bartzelona alde batera utzita, mendean hartu zituen beste hiru taldeak apal samarrak dira: Asseco Prokom, Galatasaray eta Union Olimpija.

Rakocevic eta McCalebb

Banan-banan, beldur handi samarra eragiten du Montepaschik. Jokalari zerrenda ikusgarria dauka, baina egia da haietako batzuk oso gorabeheratsu aritu direla. Europako joko antolatzaile onena dauka: Bo McCalebb. Harena da aginte makila. Hark egiten eta desegiten du, nahierara, eta asmatzen badu, geldiezina da. Azkarretan azkarra delako, eta zaintza bikoitzak hausten trebeetan trebea asistentzia onak ematen. Jaurtiketan ez da hain iaioa, baina ezin tarte handirik eman, badaezpada.

Asistentzia onak, normalean puntu ziurrak izaten direlako. Ez alferrik, asistentzia horiek jasotzen dituztenak jokalari apartak dira. Bizkaitarrek amesgaiztoak izan zituzten bere garaian Igor Rakocevicekin, Baskonian jokatzen zuela, eta azaroan nahiko pattal jardun ostean, lehiaketari neurria hartu eta erabakigarria izan zen Bartzelonaren aurkako garaipenean. Zer esan David Moss eskoltaz eta Bootsy Thornton hegalekoaz. Kalitate handia dute. Eta eskerrak Rimantas Kaukenas eta Ksystof Lavrinovic luzerako min hartuta dauden, bi horiekin kantxan ezinezkoa bailitzateke irabaztea. David Andersen dotorea da saskipeko erreferentzia, eta Shaun Stonerook eta Thomas Ress defentsako lan iluna egiten dutenak.

Gescrapek hobera egin du ligako azken bi garaipenen ondotik, baina argi du Zaragoza eta Valladolideko hiruzpalau minutuko txakalaldiak debekatuta daudela. Badaude, Sienak astindu handia emango dielako, eta haiek zuloa egiten badute, akabo.

M. SIENA-GESCRAP BIZKAIA

Txapelketa. Euroligako Top16ko F multzoko lehen jardunaldia.

Montepaschi Siena. McCalebb, Zisis, Aradori, Rakocevic, Thornton, Moss, Carraretto, Michelori, Stonerook, Lechthaler, Ress eta Andersen.

Gescrap Bizkaia. Jackson, Raul Lopez, Fisher, Blums, Vasileiadis, Grimau, Mumbru, Banic, Hervelle, Mavroeidis eta D'Or Fischer.

Lekua. Palasport Mens Sana (7.025 ikusle).

Ordua. 20:45 (ETB 1).

Multzoko beste partida. Unicaja-Real Madril (bihar, 20:45).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.