Italiako Giroko antolatzaileak ia zazpi orduko etapa lauak ikusgarritasuna non daukan azaltzeko gai baldin badira, ahozkotasunean oso eskasak ez diren seinale izango da. Etapa amaiera gorabeheratsuak prestatuta, ikusgarritasunaren aldeko apustua egin dute azkenaldian hiru asteko itzuliek. Baina Giroko hamabigarren etapak ezertxo ere ez zuen izan ikusgarritik. Telebistako ikusle kuotek ez zuten goirik joko atzo. 258 kilometro, arrakastarako inolako aukerarik ez zeukan ihesaldia, esprinterren taldeen lan ona...
Eta erorikoa. Aurtengo Giroak ez baitauka ezer asko gehiago. Apenas izan den esprint argirik. Theo Bos (Rabobank), Roberto Ferrari (Androni), Mark Cavendish (Sky), Matthew Goss (Greenedge), Filipo Pozzato (Farnese), Sacha Modolo (Colnago)... Ia esprinter guztiak hankaz gora joan dira etaparen batean, eta hankaz gora joan ez direnak, lurrean zeudenekin trabatuta geratu dira. Atzo Fran Ventosori (Movistar) gertatu zitzaion moduan. Horrek erabat itsustu ditu esprintak.
Betiko erorikoaren aurretik, Adrian Saez de Arregi (Euskaltel-Euskadi), Michael Delage (Francaise des Jeux), Olivier Kaisen (Lotto), Manuele Boaro (Saxo Bank) eta Stefan Denifl (Vacansoleil) murgildu ziren abenturan, baina esprint hitzak indarra ematen dio Mark Cavendishi (Sky). Skyrekin batera, esprinta buruan, lanerako gogotsu zeuden Greenedge eta Rabobank ere; eta taldeburuen mesedetan, baita Liquigas, Katuxa eta Lampre ere. Nahigabe ere abiadura bizkortu egiten da horrelakoetan.
Tropela gain-gainean zutela, luzatu zuten ahalegina Boarok eta Saez de Arregik beste hamabost bat kilometroan. Baina esprinter jakin baten nagusitasunik gabe, ero samarrak ari dira izaten esprintaren prestaketak. Helmugara iristeko hamalau kilometro eskas falta zirenean geratu zen ezerezean Boaroren ahalegina, besteren artean Sky azken etapetan baino txukunago aritu zelako Cavendishi esprinta prestatzeko lanean. Baina azken aldapako erasoek lehenengo eta Modoloren erorikoak gero, hankaz gora jarri zuten Skyren lan ona.
Seravezza eta Sestri Levante artean, Giroko 12. etapa jokatuko da gaur, 157 kilometrokoa. Gorabeheratsua da etapa, hirugarren mailako hiru mendate daudelako ibilbidean, azkena helmugara iristeko hamar kilometro faltako direnean. Aurretik, 123. kilometroan, bigarren mailako bat ere igo beharko dute. Ihesaldietarako oso aproposa da eguna.
Txirrindularitza. Italiako Giroa
Siesta luze-luzea, eta betikoa
Ia zazpi orduko etaparen ondoren, azken bihurguneko erorikoak erabat baldintzatu du esprinta, Roberto Ferrariren mesedetanOrekaren erakusgarri, bost esprint izan dira orain arte Giroan, eta lau garaile
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu