Sigi-sagaka nahikoa ez denean

Aurten ere Montelupone muino ezin tenteagoan bukatuko da Tirreno-Adriatokoko laugarren etapa. Iaz hanka lurrean jarri behar izan zuten txirrindulari dezentek.

Igor Susaeta.
Donostia
2009ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Ospea Huyko Hormak dauka, lasterketetan igotzen diren muinoen artean. Fleche Wallone klasikoa haren pendiz gogorretan amaitzen da. Baina Danilo Di Lucak (LPR), esaterako, argi dauka: «Huyko Horma baino gogorragoa da». Monteluponeko muinoaz -capo deitzen zaie Italian- ari zen Killer-a. Iazko Tirreno-Adriatikoko hirugarren etapa han bukatu zen, eta txirrindulariak harrituta geratu ziren aldapa labur haren gogortasunarekin. Hartara, asko izan ziren hanka lurrean jarri behar izan zutenak. Sigi-sagaka igotzea ez zen nahikoa izan. Bada, aurten, berriro igoko dute; kasu honetan, laugarren etapan.

Joaquim Rodriguez (Caisse d'Epargne) nagusitu zen iaz han, eta ekitaldi honetan ere bera da faboritoetako bat, capo-aren oinera ondo kokatuta heltzen baldin bada. Izan ere, gisa horretako aldapak egokiak dira kataluniarra bezalako txirrindularientzat.

Euskal Herriko Itzuliko azken ekitaldian baserri bide tente-tente batetik igo ziren Aiaraino, azken aurreko etapan, eta Rodriguez bera pasatu zen aurreneko tokian, Contador gurpiletik aterata. Rodriguezen eta nola Montelupone hala Aiako aldapak igo zituzten txirrindulari gehienen arabera, Italiakoa gogorragoa da. Egin kontu: azkeneko 800 metroetako pendizaren batez bestekoa %17,4koa da, helmuga ordekan dagoen arren. Hortaz, iazkoa ez gertatzeko, oinez eta bizikleta bultzatzen ez igotzeko, txirrindulariek tentuz ibili beharko dute aukeratutako garapenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.