Simeoneren indarrarekin

Bolada onean dagoen talde bat izango du bisitari etzi Osasunak: Atletico Madril. Ricardo Lopez Osasunako atezainak ondo ezagutzen du espainiarren entrenatzailea, harekin bat egin baitzuen Madrilgo taldean jokatu zuenean.

Iruñea
2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Etzi urteko lehen partida irabazi nahi du Osasunak. Aurkariaren azken boladako emaitzak ikusita, ordea, argi dago gorritxoek neurketa zaila izango dutela. Diego Pablo Simeone Cholo-k Gregorio Manzano ordezkatu eta Atletico Madrilen ardura hartu zuenetik, Espainiako hiriburuko taldea erabat itxuraldatu da. Hiru partida jokatu ditu Simeone aulkian dela, eta ez diote gol bakar bat ere sartu. Urtebetean ez zuen lortu horrelakorik. Defentsan sendo eta erasoan eraginkor. Izan ere, azken bi partidetan golak aise sartu ditu: 3-0 eta 0-4 irabazi die Vila-reali eta Realari, hurrenez hurren.

Jokalari gisa, urterik onenak Atletico Madrilen igaro zituen Simeonek. Entrenatzaile gisa ere gauza bera egin nahi du. Eta hasiera, behintzat, bikaina izaten ari da. Hazita iritsiko dira madrildarrak astelehenean Iruñera. Osasunak, ordea, lehen atsekabea eman nahi dio Simeoneri.

Simeone Buenos Airesen jaio zen, 1970ean. 17 urterekin iritsi zen Argentinako Lehen Mailara, Velez Sarsfield taldearekin, eta futbol adituek berehala ikusi zuten mutil haren balioa. Azkar zeharkatu zuen Ozeano Atlantikoa, Pisa Italiako taldeak fitxatu baitzuen, 19 urte besterik ez zuenean. Italian hiru urtez jokatu ostean, Sevillak Espainiako Ligara ekarri zuen. Han ere nabarmendu egin zen, nahikoa Atletico Madrilek haren atea jo zezan.

24 urterekin iritsi zen Atletico Madrilera. Hiru urte besterik ez zuen egin lehen aldian, baina Atletico Madrilen aspaldiko urterik onenak izan ziren. Haren bigarren urtean Espainiako Liga eta Kopa irabazi zituen taldeak, esaterako. Talde hartan ari zen Ricardo Lopez Osasunako atezaina ere (Madril, 1971). Simeoneren lehen urtean Ricardo bigarren taldeko atezaina zen —Abel Resino eta Diego Diaz ziren lehen taldeko atezainak—. Baina sarri entrenatzen zen lehen taldearekin. Hurrengo bi urteetan lehen taldeko jokalaria izan zen. Hala ere, Jose Francisco Molina zuen aurretik, eta apenas jokatu zuen. «Simeone profesional itzela zen. Gaztea zen, ni bezala. Baina, gaztea izanagatik, orduan ere aurkarien partidak bideoan ikusi eta ederki prestatzen zituen. Futbola besterik ez zuen buruan», esan dio BERRIAri. Ricardo ziur dago argentinarrak «lan ona» egingo duela. «Asko pozten naiz orain Atletico Madril zuzentzeko ardura eman diotelako. Zorte ona opa diot, eta ziur naiz gauzak ondo egingo dituela. Jokalari gisa kasta handia zeukan, eta entrenatzaile gisa ere seguru baietz. Jendeak Julen Guerrerori egindako sarreragatik gogoratzen du, baina jokalari gogorra baino askoz gehiago zen, jokalari osoa».

Sasoi berean, zelaitik aulkira

Atletico Madriletik Milango Interrera joan zen Simeone, eta bertan UEFA kopa irabazi ostean, 1999an, Lazioren eskaintza onartu zuen. Erromako taldearekin Italiako Liga, Kopa eta Superkopa eta Europako Superkopa irabazi zituen. Atletico Madrilera itzuli zen 2003an, taldea Bigarren Mailatik igo berria zela, eta han bi urte egin eta gero, Argentinara itzuli zen, eta Avellanedako Racingen amaitu zuen jokalari ibilbidea.

Entrenatzaile lanak hasi zituen Racingen bertan jokalari gisa hasitako denboraldian, eta taldea maila galtzear zegoen, baina salbatzea lortu zuen lehen entrenatzaile esperientzian. Hargatik, ez zioten entrenatzaile lanetan jarraitzeko aukera eman, eta Estudiantesen eskaintza onartu zuen. La Platako taldearekin arrakasta lortu zuen, 2006ko Irekiera Txapelketa irabazi baitzuen. Estudiantesekin arrakasta izan ostean, River Platerekin txanponaren beste aldea ezagutu zuen, dena dela. Talde historikoa jaisteko postuetan hondoratzear zenean kendu zuten kargutik Simeone. Handik Almagroko San Lorenzora joan zen, baina han ere ez zuen egin aparteko lanik. Haren argia itzaltzear zela zirudien, baina, entrenatzaile ibilbidea suspertzeko asmoz, Italiara jo zuen iaz. Cataniaren ardura hartu zuen, taldea maila galtzear zela. Harekin, taldea indarberritu egin zen, eta maila nagusian segitu. Avellanedako Racingek bigarren aukera eman zion orduan. Eta Racingekin 2011ko Irekiera Txapelketa Boca Juniorsen atzetik bigarren tokian amaitu eta gero, Atletico Madrilek Espainiako Ligako ateak zabaldu zizkion.

Ilusio ikaragarria sortu zuen haren fitxaketak Atletico Madrilen zaleen artean; burumakur zeuden. Eta oraingoz argi dago: taldeari mesede egin dio aldaketak. Astelehenean madrildarren giro ezin hobea zerbait nahastu nahi du Osasunak. Aurreko sasoian 3-0 irabazi zuten etxekoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.