Gimnastika artistikoa

Simone Bilesek Larry Nassar medikua eta «sistema» jo ditu sexu abusuaren errudun

AEBetako olinpiar txapeldunak gizarteari eskatu dio zalantzan jar dezala Larry Nassar gimnastikako selekzioko medikua eta ehunka kirolari gazteren gehiegikeriarako erabiltzea ahalbidetu zuen sistema. FBIk izan duen jarrera ere kritikatu du Bilesek, aferari «bizkar emateagatik».  

Simone Biles gimnasta estatubatuarra, Senatuko Batzorde Judizialean egindako agerraldian. GRAEME JENNINGS / POOL
Mikel O. Iribar.
2021eko irailaren 16a
12:54
Entzun

Simone Biles gimnasta estatubatuarrak AEBetako Gimnastika Federazioari, Estatu Batuetako Olinpiar eta Paralinpiar Batzordeari, eta FBIri erantzukizuna eskatu die, Larry Nassar gimnasiako talde nazionaleko medikuak gimnastei abusuak egiten jarrai zezan «utzi» ziotelako, haren aurkako salaketak zeuden arren.

«Larry Nassarri botatzen diot errua, baita sistema osoari ere. AEBetako Gimnastika Federazioak, Estatu Batuetako Olinpiar eta Paralinpiar Batzordeak bazekiten taldeko mediku ofizialaren gehiegikeriak jasaten ari nintzela», adierazi du Bilesek Senatuko Batzorde Judizialaren aurrean.

Bestalde, AEBetako olinpiar txapeldunak gimnastei «bizkarra eman» izana leporatu dio FBIri, Nassarren aurkako lehen sexu abusuen salaketei modu «desegokian» eta «mantsoan» erantzun zielako, eta, horri esker, mediku ohiak atleta gehiagori sexu abusuak egiten jarraitu ahal izan zuen.

«Ez dut nahi olinpiar kirolari gazte batek edo beste inork nik eta beste ehunka atletek gaur arte jasan duten eta oraindik ere jasaten duten izua pairatzerik», adierazi du gimnastak, negarrari eutsi ezinik, isilik begiratzen zioten dozenaka legegileren aurrean.

Larry Nassarrek ehunka gimnastari sexu abusuak egin zizkien, eta 40 eta 175 urte arteko zigorra betetzen ari da egun. Horrez gain, haur pornografiagatik 60 urteko espetxe zigorra ere badu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.