Sinesgarritasuna josteko puntuak

Valentzian galdu eta gero, Philippe Montanierren ahalmenari buruzko eztabaidak indar hartu du berriro. Entrenatzaile frantziarraren egitasmoa emozio bultzada baten beharrean da, eta bihar derbia irabaztea mugarri izan liteke.

Donostia
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Garai honetan sortu ziren iaz Philippe Montanierren (Vernon, Frantzia, 1964) gaitasunari buruzko aurreneko eztabaidak Anoetako harmailetan, Fernando Llorentek Athleticen aldeko bigarren gola sartu bezain pronto. Futbolaren ikuskera hotzago baten jabe izanda —beharbada zentzuzkoagoa, Espainiako ligaren aldean Frantziakoan ez baita halako surik pizten irabazi nahiz galdu—, Realeko entrenatzaileak ez zuen ulertu nola seigarren jardunaldirako bere lanari buruzko epaia eman ote zezakeen inork. Montanierrek ez zekiena zera zen: porrotaren atzean ez zegoela esku-hutsik atera izanaren etsipena soilik, baizik eta Martin Lasarteren inguruan hartutako erabakiarekiko desadostasuna eta bere etorrera zela-eta agintariek eraikitako gehiegizko iragarpenak batik bat.

Entrenatzaile uruguaitarra kaleratuta gehienak haserrearaziko zituztela jakitun, Realeko arduradunek ez zuten behar bezala neurtu Montanierrek Zubietan egindako lurreratzea. Hitz ponpoxoegiz jantzi zuten haren metodologia. Bartzelona miretsiaren jokatzeko moldearekin egindako alderaketa izango zen ziurrenik bidegabeena. Frantziarraren kalterako, horrek guztiak zaleen iritzia baldintzatu zuen ia-ia lanean hasi baino lehen, eta ez zuten haren aurretik Anoetako aulkian eseri ziren horiekiko begikotasun eta pazientzia bera izan.

Joan zen igandean Levanteren zelaian irabazi beharreko neurketa galdu zutela eta, Montanierrekiko zalantzak areagotu egin dira berriz ere txuri-urdinen inguruan. Joan den astelehenean, Jokin Aperribai Realeko presidenteak babesa adierazi zion, kanpoko ezinaren erantzukizuna talde osora zabalduz. Edonola ere, distantzia handiago dago entrenatzailearen eta harmaila nahiz hedabideen zati handi baten artean.

1. Zaleentzat, ezezaguna

Lasartek sobera zuena falta izan zaio neurri batean Montanierri orain hamabost hilabetetik, Donostiara iritsi zenetik. Harmailetaraino iristen den mezua helarazten jakitea, lidergo sena erakustea, horiekin bat egitea azken batean. Izaera isilekoa, langile amorratua eta prestaketa osokoa izanda, kanpora ezertarako begiratzen ez duenez, Lasartek baino babes eskasagoa du, baina jokalarien artean justu kontrakoa gertatzen da. Horrek, hain zuzen ere, egindako lan ona, hobetik txarretik baino gehiago baduelako zalantzarik gabe, ikusezin bilakatu du zenbaitentzat. Montanierrek inoiz ez du bere burua aldarrikatuko. Ez du gogoko bere sentimenduen berri ematea. Etxetik lanera. Lanetik etxera. Kito. Isilean jardute horrek egindako lanaren aitortza izozten du maiz, eta hori bera izan liteke zaleari kutsatzen diona. Hoztasuna. Zaleek ez dute ezagutzen entrenatzailea.

2. Neurketen gidaritza

Ezer leporatu bazaio Realeko entrenatzaileari, partidaren nondik norakoetan iparra galtzea izan da; alegia, bere erabakiekin taldeari aparteko mesederik ez egin izana. Gehienbat, berandu egin dituelako aldaketak. Horri buruzko asmo txarreko kanta bat entzun daiteke Anoetan. Aperribaik berak, entrenatzailearen lanaren defendatzaile sutsuena izan arren, kargu hartu zion kontu horregatik aurreko sasoian Sevillan (Espainia), hil edo biziko lehia irabazi eta gero. Goi kargudunen bulegoetan batek baino gehiagok kendu zion babesa eta argi adierazi gainditu gabeko ikasgaia duela hori. Alde horretatik, bihar Athletici derbian irabazteak pitzatuta daukan sinesgarritasun geruza hori gogortzeko balioko dio Montanierri.

3. Diego Ifran

Anoetak azkenaldian izan dituen bi momentu zirraragarrienetako protagonista izan da Diego Ifran. Aurrelari uruguaitarrak partidaren hondarrean sartutako bi gol zoragarriri esker garaitu zituen Realak Bartzelona eta Malaga —mailari eusteko ezinbesteko pausoa izan zen Bartzelonaren kontrakoa, eta Montanierren plangintzari indar eman ziona bestea—. Nekez topa liteke elastiko txuri-urdina soineratu duten atzerritarren artean horren gutxi jokatuz —zazpi aldiz baino ez da irten hasierako hamaikakoan aurreko bi denboraldietan— halako babesa lortu duenik harmailan. Zaleen kutunetako bat da.

Entrenatzailearentzat, ordea, Imanol Agirretxe, Antoine Griezmann, Xabi Prieto, Carlos Vela eta Chory Castro daude Ifranen aurretik gaur-gaurkoz, eta ez dirudi haren egoera goitik behera aldatuko denik ondorengo hilabeteetan. Hori ulertzen ez dutenek jakin beharko lukete aurrelari uruguaitarrak lan egiteko orduan erakutsitako jokabidea ez dela beti zentzuzkoena izan, eta diziplina arazo ugari dituela, entrenatzailearen ernegagarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.