«Sinesten dut taldean»

Alcorconen ari da Jon Errasti eibartarra, baina gertutik jarraitzen ari da bere talde ohiaren ibilia, eta uste du bolada txarra besterik ez dela. Baikor mintzatu da.

Jon Errasti eibartarra, Alcorconeko elastikoa soinean duela. BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2017ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Kritika onik ez dabil bazterretan Eibarren egungo jardunaren inguruan, eta ustez gaizki egindako lanak mahai gainean jartzen hasi dira kritikoak. Arrazoi faltarik ez dute izango seguruenik baieztapen batzuetan. Iragarpen beltzak irudikatzen hasita daude, gainera, eta Espainiako Lehen Mailan taldeari denbora asko ez zaiola geratzen esaten duenik ere bada.

Gertuko begirada horien aldean, beste ikuspuntu bat izaten du urrunekoak, eta handik ari da bere talde ohiari begira Jon Errasti (Eibar, Gipuzkoa, 1988). Lasaitasunez mintzo da, eta, ez bakarrik distantziagatik, taldearen eta klubaren eguneroko lana ondo ezagutzen duelako ere bai. Alcorconen (Espainia) dabil orain, Bigarren Mailan, Spezia Italiako taldean bi denboraldi egin eta gero. Baina beti du begi bat ere herriko taldean, eta baikortasunez hitz egin dio BERRIAri: «Helduko dira emaitza onak».

Diagnostikoa egin du ezer baino lehen: «Bolada txarra baino ez da oraingoa. Ikusi dizkiot hainbat partida taldeari, eta, etxean Celtaren aurka 0-4 galdu zuen hartan izan ezik, beste guztietan ondo lehiatu izan da». Halako dinamika txarretan gertatzen diren gauzak eta Eibarri gertatzen ari zaizkionen berri eman du gero: «Adibide ona da igandeko derbia. Eibarrek egin zituen lehen bi aukerak, baina ez zuen asmatu golik sartzen. Aldiz, Realak, behin iritsi, eta aurrenekoan gola sartu zion. Halakoetan, kosta egiten da golak sartzea, eta aurkariek erraz sartzen dizkizute, Eibarrekin ikusten ari garen bezala».

Egoeraren deskripzioan, oso garrantzitsua den kontu bati aparteko garrantzia eman dio Errastik: «Uste dut talde osoa elkarrekin lanean ezin izan dela inoiz aritu. Lesioak direla, txartelen eraginez jasotako zigorrak direla, denboraldi honetarako klubak osatutako jokalari multzoa ezin baliatuta dabil Mendi [Jose Luis Mendilibar]». Bi hitzetan esanda, Eibar onena ezin izan dela zelairatu denboraldiko lehen zati honetan.

Oso garbi dauka badela taldea gai egoera honetatik ateratzeko: «Ez daukat batere zalantzarik. Sinesmen osoa daukat, eta ona da taldea. Ea lesionatuak osatzeko moduan izaten diren. Batez ere, Fran Rico, Pedro Leon eta Ramis nabarmenduko dituzte. Oso garrantzitsua izan zen hiruren ekarpena aurreko sasoian».

Bien bitartean, zer egin behar den ere garden asko du: «Lagundu egin behar zaie jokalariei eta entrenatzaileari. Kanpotik barrura mezu indartsuak eta baikorrak helarazi behar dira». Errastik egin du, behintzat, bere ekarpena: «Hemendik, indarra, beroa eta babesa bidaltzen dizkiet». Onartu du erraza dela orain jardunean hastea, baina nabarmendu du bide okerra dela: «Erraza da taldea gaizki doanean egurrean hastea eta babesa ez ematea. Aldiz, dena ondo doanean, guztiok jartzen gara beraien ondoan, eta dena ona dela iruditzen zaigu». Adibide zehatza jarri du, egoera baten bidez: «Badakit zer den bolada txarretan zelaian egotea, eta batere ez diote laguntzen jokalariari txistuak entzutea. Babesa eta laguntza behar dituzte, eta orain da garaia hori adierazteko». Babesaz gain, pazientzia ere eskatu du, eta baita ondorengo hau ere: «Elkarri laguntzeko eta elkarrekin egoteko garaia da orain inoiz baino gehiago».

Egoeraren analisian, indarra eman dio taldearen oinarriaren mailari: «Oinarria azken urteetako bera da, eta ondo ezagutzen ditut jokalari horiek. Badakit maila onekoak direla, eta badakit oinarri indartsua osatzen dutela egoerari buelta emateko».

Bada faktore bat, ordea, ezezaguna dena jokalari horientzat, eta Errastik berak ekarri du gogora: «Alderaketa egiten bada Lehen Mailako aurreko hiru denboraldiekin, ligaren hasiera ari da izaten ezberdina lehengoen aldean. Indartsu hastea ezaugarri berdina izan da aurreko hiru sasoietan, baina orain ez dira ondo hasi». Horrek eragin dituela behar baino kezka handiagoak uste du: «Jendea ez zegoen honetara ohituta, baina etorri da, eta inoiz baino balioa handiagoa eman behar zaio orain Eibar egiten ari denari. Sekulako balioa dauka Lehen Mailan izateak, eta ikuspuntu hori ezin dugu galdu. Nik garbi daukat zer den elitean jarraitzea Eibarren moduko herri eta klub batentzat: liga irabaztearen parekoa».

Neguko fitxaketen arriskua

Errastik emandako aholkuez gain, klubaren barruan ariko dira beste helduleku baten bila ere: neguko merkatuan jokalariak fitxatzea. Eibartarra mesfidati mintzo da aukera horretaz: «Beti eman izan dit beldur pixka bat garai horretako fitxaketa aldiak. Jokalari berriak udatik martxan den taldera egokitzea ez da erraza izaten, eta, gainera, etortzekotan, min hartuta daudenen zuloa betetzera etorri beharko dute. Bestela, zer egin behar dugu, hiru bidali hiru berri ekartzeko? Gerta daiteke taldeari sekulako hobekuntza eragitea, baina kontuz halakoetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.