Aste Santua igaro zen, baina Realak ezinbestekoa izango du fedea gaurko partidan, munduko talderik onenari egin beharko diolako aurre. Mezu hori helarazi die Martin Lasartek jokalariei: «Zergatik ez? Beti dago talde handien nagusitasuna hausten duen talderen bat. Oso garrantzitsua da garaipena, gure egoeragatik, baina, horrez gain, distira handia emango liguke. Zoragarria izango litzateke». Sinetsi nahi du Realak, sinetsi behar duelako. Bartzelona izango du gaur aurkari, eta Valentzia datorren jardunaldian. Partida nekezak dira, baina zerbait lortu beharko du, Zaragozaren aurkako norgehiagokara estu eta larri iritsi nahi ez badu.
Jaitsiera hiru puntura egonda, huts egiteko tartea ia guztiz bukatu zaio taldeari. Berdin dio noren aurka jokatzen duen. Askotan badago joera egutegia hartu, eta lehia zuzenak gorriz markatzeko, gainontzekoak baztertuz. Arau horri jarraiki, Realari bi partida geldituko litzaizkioke aurten, Zaragozaren eta Getaferen aurkakoak, alegia. Badakite jokalariek ezin dutela huts hori egin. Historikoki, klubak arazo asko eman izan dizkie zelaian talde handiei. Azken denboraldietan ezaugarri hori galdu du, eta sarritan amore emanda irten dira zelaira jokalariak, partida aldez aurretik galduta. Anbizio hori berreskuratzea ezinbestekoa izango da gaur, eta datozen jardunaldietan.
Inor ez dadila erra. Bartzelona ez da Realaren adikidea. Bartzelonari Bartzelona baino ez zaio axola. Tristea da hori esan behar izatea, baina askoz ere tristeagoa da Lehen Mailako azken denboraldietan gertatu zena. Reala jaisteko arriskuan egon arren, ia Camp Noun bezala sentitu zen Bartzelona Anoetan. Alfonbra gorria jarri zitzaion. Etxean arrotz sentitu ziren jarraitzaile txuri-urdin asko. Gauza bat da miresmena eta adiskidetasuna sentitzea, baina horrek ezin du ekarri norbere harrotasunari uko egitea. Eta hori guztiei dagokie: jokalariei, zaleei eta kazetariei.
Oker dabil oparien zain dagoena. «Asko hitz egiten da haien erregateez edo lasterraldiez, baina bertan jokatzeko anbizioa behar da, eta partida guztiak ondo jokatuta irabazteko presioari eutsi. Ez da erraza, baina prestatuta daude horretarako», esan zuen Lasartek. Hala ere, ez zuen baztertu Real Madrilen aurkako Txapeldunen Ligako kanporaketak eragina edukitzea —asteartean du itzuliko partida—: «Guk beste emaitza bat nahi genuen, irekiagoa. Beharbada ez diote gaurko partidari beste batzuen garrantzia emango, asteartean 90 minutu dauzkate-eta Txapeldunen Ligako finalean sartzeko. Baina ez dira txuleta jatera etorriko».
Ordezkoak hasieratik
Iniesta eta Puyol Bartzelonan gelditu dira, eta litekeena da Messi eta Xavi hasieratik ez aritzea. Bartzelonaren artista guztiak elkarrekin aritzen direnean makina perfektua osatzen dute, eta pieza bat falta denean dezente sumatzen da, baina taldearen erdipurdiko bertsioa nahikoa da munduko talde gehienei erraz irabazteko. Montoya, Thiago edo Jeffrenek aukera izan dezakete gaur, baina, beharra izanez gero, izarrak zelairatuko ditu Guardiolak bigarren zatian, partida irauli edo orekatzeko. Lasartek argi dauka eginahalak egin beharko dituela Realak zerbait lortzeko: «Dena eta gehiago eman behar dugu zerbait ateratzeko».
Bartzelonaren jabetza amaiezinetan kokapena ez galdu, eta barruko jokoa zaintzea dira gakoetako bi. Halaber, fisikoki gailentzen eta aurkarien partida pilaketaz baliatzen saiatu beharko du. «Intentsitatea» eskatu zuen Lasartek. «Pasioa, grina eta ordena erakutsi, eta gure aldeko egoeretan oldarkor eta lotsagabe jokatu beharko dugu. Horrela, estu har ditzakegu. Baina oinarrizko gauza horiek ez baditugu, nahi ez dugun bidetik joango da partida». Sportingek El Molinen kataluniarren aurka irabazitako partida aipatu zuen «aurrekari interesgarri» gisa.
Jokalariren bat tokiz aldatzea ez zuen baztertu entrenatzaileak, baina hamaikakoa azken aldikoaren antzekoa izango da. Berritasuna deialdian dago, Illarramendi hartu baitu, eta Labaka utzi. Bederatzi erdilari sartu ditu zerrendan, zelai erdiari ematen dion garrantziaren seinale —guztiak, Sarpong izan ezik—. Llorente taldekideekin batera entrenatzen ikustea izan zen atzoko albiste ona, baina Lasartek ez zuen argitu denboraldia bukatu baino lehen jokatzeko moduan izango den. Puntuez gain, 1980-81 denboraldian egindako errekorrari eutsiko dio Realak Bartzelona mendean hartzen badu. Sinesteko beste arrazoi bat.
Sinetsi nahi, sinetsi behar
Puntu premiak akuilu egokia izan behar du gaur Realarentzat Bartzelonaren kontra, aurkariak liga ia irabazita duelako«Ez dira txuleta jatera etorriko», ohartarazi ditu Martin Lasartek bere jokalariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu