Sistemez haratago, oinarrizko kontzeptuak

Aitor Manterola Garate.
2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Azaleko kontua ez ote den. Eztabaida Realaren inguruan sortuta dabil aspaldian. Aurrelari batekin jokatu ala birekin. Sistemen gaiak garrantzia duela jakina da. Entrenatzaileok esaten dugu denak direla onak. Baina jokalariak zelaian kokatzeko modu bakoitzak bere oinarriak ditu. Ez da berdin hiru atzelarirekin jokatzea edo laurekin. Ez da gauza bera zelaiaren erdian bost jokalari jartzea edo hiru. Egoera batean, hiru atzelarik jokatzea egokia izan daitekeen bezala, beste batean gauza bera egitea sekulako astakeria izan daiteke. Sistemen inguruko eztabaida betiko kontua da. Baina gure hiru taldeen asteburuko partidetako jokaldi garrantzitsuenak aztertu eta gero, ez ote da garrantzitsuagoa oinarrizko zenbait kontzeptu ondo betetzea?



Jokalaria eta baloia. Geldikako jokaldietan hiru eratara egin daiteke zaintzako lana. Aurkariak buruz buru zaintzea da aukera bat. Zona erabiltzea da beste bat. Bien arteko nahasketa da hirugarrena. Buruz burukoan, zaintzan ari den jokalariak ia arreta osoa aurkariarengan jarri behar du lehendabizi, eta baloian gero, baina aurkaria begietatik galdu gabe. Zonan, alderantzizkoa da: aurrena baloia, eta gero, aurkaria. Realari korner batean sartu zion gola Levantek igandean. Rivasi alde egin zion Del Hornok, buruz buruko zaintzan. Hasieran, Realekoa Levantekoaren gain-gainean zegoen. Baina halako batean, Rivasek ez zekien non zegoen Del Horno. Seguruenik, baloiari begiratzeko unean egingo zion ospa. Sekulako akatsa da. Oinarri-oinarrizko kontzeptua gaizki bete zuen Realekoak. Eta ez du lehen aldia.



Aurreratutako lerroa nola gainditu. Defentsako lanean, zenbait taldek asko aurreratzen dute atzelarien lerroa edo atezainaren aurreko lehen lerroa. Jokoz kanpo harrapatu nahi izaten dute aurkaria. Deportivok horixe egin zuen Osasunari baliorik gabe utzi zioten golean. Oso baliabide arriskutsua da, eta arriskua areagotu egiten da baloia daukan jokalariak ez badu aurkaririk pasea emateko garaian. Osasunakoa bakarrik zen une horretan, eta aukera izan zuen baloia nahi zuen lekuan jartzeko. Lerroa asko aurreratzeari aurre egiteko oinarrizkoa da hau: baloiaren jabe denaren atzetik datorren jokalariak hautsi behar du aurkariaren lerro hori. Osasunako Vadoczek bikain gainditu zuen lerroa, eta ederki baliatu taldekidearen pasea. Ondo eginiko jokaldia izan zen, eta gola behar zuen izan. Ez du zaila ematen hain lerro aurreratua gainditzea, baina talde askori zailtasunak sortzen dizkie oinarrizko kontzeptu hori betetzeak.



Area barruko mugimenduak. Udan, idatzi nuen gai honetaz, Munduko Kopa tarteko. Area barrura jokaldia bukatzera sartzen diren jokalariak ez dira asko mugitzen. Aurkariei gauzak errazten dizkiete gutxi mugituz. Baina, mugitzeaz gain, ondo mugitu beharra dago. Athleticeko Llorente area barruan bizi da. Errematatzaile bikaina da. Aurreko batean, Espainiarekin ari zela, area barruan gutxi mugitzen ari zela iruditu zitzaidan. Igandean, Athleticen bigarren golean mugitu zen, bai. Bikain, gainera. Jokalari luzea izanik, aukera ona da berarentzat hegaleko atzelarien ingurura joatea, baloia beste hegaletik erdiratzen diotenean. Hegaleko atzelari ia denak baino luzeagoa da, eta ederki balia dezake garaiera buruz errematatzeko. Igandean horixe egin zuen. Atzelariari jauzian irabazteko beharrik ez zuen izan, gainera, atzelariak berandu ikusi zuelako Llorenteren mugimendu ona. Aurrelari garaia izanik, ez du zaila ematen leku horietara joatea, baina area barruan ibiltzen diren batzuek ez dute halakorik egiten. Llorentek bai. Menderatzen du oinarrizko kontzeptu hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.