Sito Alonso diskurtsoa ondo baino hobeto prestatuta agertu zen Illunbeko prentsa aretora, Kopari buruz egingo zitzaizkion galderen jakitun. Monzonen hasi zen entrenatzen, Espainian, eta hango nagusiak esandakoa ekarri zuen gogora: «Kopa ez da azken geltokia, gozatzen segitzeko beste erronka bat baizik. Baldin badator, ongi. Etortzen ez bada, ere bai». Izan ere, Alonsok ez du uste Kopa helburu bat denik, hobetzen jarraitzeko bitarteko bat baizik. Kazetariek helburua zein den galdetu zioten orduan, eta Alonsok sendo erantzun zuen: «Egiten ditugun akatsak ez errepikatzea, gero eta hobeto jokatzea, horrela haziko baita taldea».
Bartzelona menderatzea posible dela uste du Aragoikoak: «Hemen galdu dute dagoeneko, zergatik ez berriro? Aukera dagoela esan nahi dut, ez haiek garaitzea erraza denik, ezta gutxiago ere». Oso litekeena da Navarrok ez jokatzea, baina horrek ez du sobera lasaitzen Alonso: «Egia da berarekin talde hobea direla, trantsizioan maisuak, espazioak sortzen bikainak, eta faltak behartzen onenak, baina bera gabe ere sekulako taldea dute, Europako entrenatzailea buru dela».
Bartzelonaren defentsak loa kentzen dio entrenatzaileari: «Besoz betetako defentsa da haiena, eta barneraketak ikaragarri zailtzen dituzte, faltarik egin gabe. Hirukoetan asmatzea eta emandako baloiak neurtzea funtsezkoa izango da zortzigarrena nahi baldin badugu».
Sito Alonso: «Kopa ez da helburua, hazten jarraitzeko bitartekoa baizik»
Entrenatzailearen ustez, taldeak jaso dituen loreei muzin egitea omen arrakasta lortzeko bide laburrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu