Chris Froome agertu zen Andaluziako Itzulian, eta Richie Porte Paris-Nizan. Sky taldea hasi da erakustaldiak ematen. Croix de Chaubourout lehen mailako mendatean amaitu da Paris-Nizako laugarren etapa, eta, talde guztiak ardura hartu ondoren, Portek berak jo du erasoa eta hautsi du tropeltxoa. Geraint Thomas taldekidea gurpilean zuela, Skyko bikoa elkarrekin iritsi da helmugara. Hori bai, Porteri segundo bat falta izan zaio eguna bete-betea izateko, Michal Kwiatkowskik (Etixx) liderraren maillota berreskuratu duelako, segundo baten aldearekin. Sailkapen nagusian hiru segundora geratu da Thomas, eta Gorka Izagirre (Movistar) da lehen euskal herritarra, 8. postuan, 44 segundora.
Skyren astinduaren aurretik, ihesean saiatu dira Thomas De Gendt (Lotto), Antoine Duchesne (Europcar) eta Chris-Anker Sorensen (Tinkoff), eta zortzi minututik gorako aldea ere izan dute. Zortzi mendate igo behar izan dituzte, eta, azken igoerakoak salbu, mendateetako gainerako puntu guztiak pilatu ditu De Gendtek, Philippe Gilberti (BMC) maillota kenduta. 45 kilometro falta zirela atzean ardura hartu du Ag2r-k, eta luze-luze eginda jarri du tropela. Denak bat eginda iritsi dira Croix de Chaubouret lehen mailako azken mendatera, eta, Paolo Tiralongoren (Astana) erasoaren ondoren, Skyk hartu du ardura. Tantaka-tantaka, atzean geratu dira Warren Barguil (Giant), erorketa bat tarteko, Rafal Majka (Tinkoff) —bi arazo mekaniko izan ditu—, Rein Taaramae (Astana) eta Michael Matthews liderra bera (Orica), azken hori sei kilometro falta zirela.
Hiru kilometro falta zirela mugitu da Thomas tropelean, eta kontraerasoan iritsi dira britainiarraren parera Jakob Fuglsang (Astana) eta Simon Spilak (Katuxa). Mugitu dira Ruben Fernandez (Movistar) eta Tejay Van Garderen ere (BMC) —erori egin da gero Fernandez—, eta Portek berak eta Kwiatkowskik bizitu dute erritmoa faboritoen tropeltxoan. Azken kilometroan sartuta iritsi dira Porte eta Kwiatkowski aurrekoengana, eta Skyko biek hautsi dute tropela azken unean. Liderraren maillotik lortu ez arren, erakustaldi polita eman du Skyk Paris-Nizako laugarren etapan. Saint-Etiennen hasi eta Rasteaun amaitu, bosgarren etapa jokatuko da bihar, 192,5 kilometrokoa.