«Adina zenbaki bat besterik ez da niretzat. 39 urte dauzkat, ia 40, eta jendeak buelta asko ematen dizkio kontu horri. Baina, nire ustez, adinean aurrera joanda ere, lor daiteke sasoian egotea». Uretan erakutsi du Kelly Slater surflari estatubatuarrak uretatik kanpo esandakoa. Rip Curl Pro Search San Frantzisko proba jokatzen ari da San Frantziskon (AEB), eta han hirugarren txandara igarota, 500 puntu ziurtatu zituen Slaterrek atzo goizaldean. Uzta horri esker ziurtatu zuen Munduko Txapelketako 11. titulua —Owen Wright australiarrak ia ziurtatuta dauka bigarren postua—. 1992an izan zen lehen aldiz munduko txapeldun, 20 urte eskasekin, eta ordutik markak hautsi eta hautsi ari da estatubatuarra. Parte hartu duen proba guztietatik %80 inguru irabazi ditu. Ikaragarria.
Slater da munduko txapelketa irabazi duen surflaririk gazteena —1992an, 20 urterekin—, eta bera da titulu hori eskuratu duen surflaririk zaharrena ere —2011n, 39 urterekin—. Egun seinalatuan irabazi du Slaterrek 11. txapelketa, Andy Irons zena hil zela urteurrena bete berri denean —2010eko azaroaren 2an hil zen—. «Nire aurkaririk handienetakoa eta inoizko surflaririk onenetakoa izan zen Andy Irons. Berari eskaintzen diot titulua». Estatubatuarra hiru aldiz izan zen munduko txapeldun: 2002an, 2003an eta 2004an.
Slaterrek uztailean ezin izan zuen parte hartu Hegoafrikako probetan, baina denboraldi aparta egin du, hala ere. Hiru garaipen pilatu ditu: Gold Coast, Tahiti eta Trestles. Eta beste bi final jokatu ditu: New Yorkekoa eta Portugalgoa. AEBetako surflariak iaz txapelketa irabazi izanak emandako «motibazioa eta lasaitasuna» jarri ditu oinarri gisa 11. aldiz titulua eskuratzeko.
Slaterrek Andy Irons zenari eskaini dio 11. munduko txapelketa
Estatubatuarrak 20 urterekin irabazi zuen lehen titulua, 1992an, eta ordutik surfeko erreferentzia nagusia da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu