Pilota. EPELen buruz buruko txapelketako finala

Soatxikitik begira

Buruz buruko txapelketaz, Irujoren aurkako partidez, pilotaren iraganaz, egungo egoeraz eta bere etorkizunaz. Denetarik mintzatu da Aimar Olaizola Goizuetako balkoian.

Aimar Olaizola Goizuetako Alkainzuriaingo auzoko magaletan. Atzean herria ikus daiteke. IMANOL MAGRO.
Imanol Magro Eizmendi.
Goizueta
2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Hasteko, konfesioa. «Badakit buruz burukoa dela txapelketa garrantzitsuena, baina niri lau t'erdikoa gehiago gustatzen zait: jokoa bera, posturak…». Amodio-gorroto harreman bitxia du manomanistarekin Aimar Olaizolak (Goizueta, Nafarroa 1978). Sei final jokatu eta lau galdu ditu, eta lesioren batek edo bestek bere konfiantza zauritu izan du bertan parte hartzeagatik. «Finalak galtzea ez zaio inori gustatzen, baina zazpi jokatu izanak [igandekoa barne] esan nahi du hor goian zaudela, eta niretzat hori da garrantzitsuena». Goizuetako Soatxikiko balkoitik mintzo da aurrelaria, Alkainzuriaingo auzoan. Behe lainorik ez dagoenean, herri osoa ikusten da; hortaz, leku ezin aproposagoa kale estu eta muinoak topografiatzeko, eta, bidez batez, hausnarketarako.

Pilotaz asko daki Olaizolak. Bizitza osoa egin du pilotalekuan sartuta, eta harrigarria da nola aletzen dituen xehetasun txikienak ere. Halere, Juan Martinez de Irujok buruz buru neurria ondo hartua diola dirudi. Ez du ukatu. «Juanek buruz buru jokatzen duenean beti da faborito. Egun, onena ez bada, onenetarikoa da. Berak nik baino botere handiagoa du, gehiago jotzen du. Nik, berriz, beste modu batera jokatu behar dut, gurutzatuz…». Igandekoa laugarren finala dute elkarren aurka. Xala, Bengoetxea eta Barriolaren baimenarekin, egungo aroa Irujo-Olaizola II.aren urteak deituko da pilotaren historia liburuetan. «Juan eta biontzat ona da hori, hor gaudela erakusten duelako. Dena den, buruz burukoez gain, final eta partida handi asko jokatu izan ditugu».

Goiz atsegina da, Olaizolak gustura dirudi hizketan. Azken egunetako euriek atrezzo berde polita jarri diote solasaldiari. Gaiarekin jarraituz, ez du uste Irujo bere Nemesis denik. «Juanen aurka jokatzeak ez nau gehiago motibatzen. Beste edozein pilotari handiren aurka jokatzea bezala da». Euren arteko partidek sortzen duten ikusmina ikusita, zaila da sinesten. «Jendeari gustatzen zaizkiola agerikoa da, elkarren aurka aritzean ia beti betetzen dira pilotalekuak».

Eta halakoetan, nolako da aurkari kutunarekin finalaren aurretik aldagelan topo egiten deneko unea? Solemnitate berezirik ez. «Normala, aurretik beste edozein partida bezalakoa da. Lehen partida jokatzen dutenek darabilten solasaldira batzen gara. Hori bai, behin berotzen hasita, gutxi hitz egiten dugu».

Manomanista berezia izan da aurtengoa. Bi partida jokatu eta biak atzeratu behar izan ditu besoko minaren erruz. Bizeps giharrean zuen min, eta oinazeak iraganeko mamuak ekarri zizkion burura, 2003ko lesio larriarenak. «Tokia antzekoa zen, eta mina ere bai. Ezin dut ukatu hura burura etorri zitzaidala. Hura zuntz-haustura larria izan zen. Aurten, ekografia egin arte ez nintzen lasai gelditu».

Txapelketa motza izan da, eta ia oharkabean pasatu da askorentzat. Halere, atzerapenak ez dira ika-mika bakarra izan. Olaizola I.ak Idoateren atxikiak salatu zituen, eta anaia gaztea zaharraren iritzi berekoa da. «Niretzat atxiki ziren, baina pilotari askok egiten dituzte atxikiak. Errua ez da eurena, halere, ez badituzte adierazten… Nik atxiki egiten ikasiko banu ere egingo nuke, baina ez dakit». Manomanista burumakur ikusten du beste txapelketen aldean, eta, haren iritziz, pilota oso biziek erru handia dute hor, ikuskizuna murrizten dutelako.

Txapelketei buruz hitz egiten, azken seietatik, belauneko lesiotik itzuli zenetik, bostetan finala jokatu du. «Ez dakit inoizko nire sasoirik onenean nagoen. Aurtengo binakakoa nire onena izan dela uste dut, eta lau t'erdikoa irabazi nuen. Baina nik ere hondoa jo dezaket, gizakia naiz. Halako boladak bukatu egiten dira, normala da, baina tira, ahalik eta beranduen izan dadila».

Gorputzeko orbain bildumei begiratu bat emateak solasaldiaren iparrorratza aldarazi du ezinbestean, etorkizunerantz. «Ez dakit noiz arte iraungo dudan oraingo mailan. Urte batzuk oraindik bai. Kontratua 39 urtera arte daukat, eta hor inguruan egongo da muga». Titinen antzera? «Halakoetan ikusten da Titinek duen meritua. Baina, tira, nik 18 urterekin egin nuen debuta, normalean baino hiruzpalau urte lehenago. Gainera, buruz buruko jokatzen baduzu ere nabaritzen da».

Peugeot 205 autoaren garaia

Debutaren puntua jarri du pilotariak; beraz, zilegi da ordukoak gogoraraztea. «Egia esan, ez naiz oroitzen non sinatu nuen lehen kontratua. Asperekin izan zen, anaia bertan zegoen. Ez nion diruari begiratzen, ilusio ikaragarria egin zidan. Salaberri eta Irigoien zeuden orduan; Bidarte sartzeke zegoen oraindik. Bidartek beti oso ondo tratatu nau».

Lehen soldatarekin ez zuen gutiziarik erosi, «aurreztu egingo nuen», azaldu du. Peugeot 205 erosi berria zuen, baina Renault Laguna bategatik aldatu zuen 20 urteak bete baino lehen. «Oso auto ona zen garai haietan». Lehen hiru urteetan, urtean 80 partidatik gora jokatu zituen, eta Peugeot autoa gidatzen bakarka eginiko milaka kilometrotan inoiz ez zuen pentsatu pilotak hainbeste emango zionik. «Txapel bat zen ametsa orduan, goraka egitea. Eta hartaz geroztik, mantentzea».

Aspetik Asegarcera igaro zen, eta esker ona adierazi dio Bilboko enpresari. Pilota ogibide hartu izan du, eta badaki asko eman diola. Garai hobeak izan ditu, krisiak pilota astindu du, baina baikorra da. «Ziur nago publizitatea eta apustu kontuak jaitsi egin direla, eta udalek jaialdi gutxiago kontratatzen dituzte. Baina partida ona jarriz gero harmailak bete egiten direla ikusten dut, eta horrek erakusten du pilotak osasun ona duela. Gainera, ikusle gazteak ikusten dira». Gizarteari dagokionez, berriz, ez da hain baikorra. «Krisi gogorra da, eta urte batzuetan iraungo du. Jendeak 2013a dio baina nik uste beste lau urtez gutxienez gainean izango dugula».

Gerrikoa eskegitzeko adina ona da 39 urteak. Ibilbide oparoak etorkizuna ondo babestuko zion. «Egia esan, ez da garairik onena inbertitzen hasteko», azaldu du. Buelta galderari, erretiroa hartutakoan lan egin beharko al du? «Pilotari izatea pribilegio bat izan da, eta erretiroa hartutakoan lan egin behar badut, nik ez dut arazorik lan egiteko». Lan egin edo ez, ez luke gora begira egon nahiko, eta, ahal bada, frontoitik gertu. «Pilota munduan jarraitu nahiko nuke. Gustuko dut, enpresan esaterako. Zertan? Ez dakit, bada, gazteei erakusten, adibidez». Zer irakatsia ba al du? «Gustatzen zait gazteekin entrenatzea, eta bai, zerbait irakats dezaket. Hala ere, ez dakit tokirik egongo den».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.