Bihar amaituko da Euskal Herriko Txapelketaren sailkapen fasea. Erandioko (Bizkaia) Astrabudua kiroldegian jokatuko da saioa (11:00). Gizonezkoek 640 kiloko tiraldiak izango dituzte eta emakumezkoek 520koak. Biharkoa jokatuta, finaletan sartuko dira otsailaren 7an hasita.
Gizonezkoen 640 kilokoek bigarren jardunaldia eta azkena jokatuko dute. Zazpi taldek dihardute lehian, eta bat finaletik kanpo geratuko da. Lehen jardunaldia urtarrilaren 11n jokatu zuten, Laukizen. Lesakako Beti Gazte taldeak tiraldi guztiak irabazi zituen, oso saio orekatu eta indartsua burututa. Abadiño A taldearekin jokatu zuen txanda, ohi bezain estua eta teknikoa suertatu zen. Nafarrek ez zuten oreka eta pazientzia galdu, bizkaitarrak irabazten aritu baziren ere, baina 7 minutu beteta, soka berengana eraman zuten nafarrek.Bigarren tiraldia laburragoa gertatu zen.Beheko postuetan, eta beraz, finalerako txartel bat eskuratzeko lehian, Auzolan eta Berriozar dira, gehienbat. Auzolanek ez zuen lortu 600 kiloko finalera sartzea, eta bihar arantza ateratzeko asmotan kantxaratuko dira. Hauxe izan zen jardunaldi hartako sailkapena: 1. Beti Gazte (7 puntu), 2. Abadiño A (6 puntu), 3. Abadiño B (5 puntu), 4. Altamira (4 puntu), 5. Torrekolanda (3 puntu), 6. Auzolan (2 puntu), 7. Berriozar (puntu 1).
520 kilokoan, Gaztedi eta Torrekolanda lehian
Erandioko saioan, emakumezkoak ere ariko dira sokan. Hain justu, 520 kilokoak, eta bigarren jardunaldia jokatuko dute. Talde bat ari da nabarmentzen: Gasteizko Badaiotz. Gaztedik eta Torrekolandak lortzen badute ere minutu pare bat eustea, bistan da arabarrak indartsuagoak eta sokan eginagoak daudela.
Hain zuzen, Gaztedik eta Torrekolandak parra egin zuten lehen jardunaldian. Sailkapena: 1. Badaiotz (5 puntu), 2. Gaztedi eta Torrekolanda (3,5 p.), 4. Imotz (2 p.), 5. Auzolan (p. 1).
SOKATIRA . Talde bat geratuko da finaletik kanpo gizonezkoen 640 kiloko azken jardunaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu