Kirola

Sokatirako euskal selekzioa ofizialki lehiatuko da nazioartean

'Basque Country' izenpean jokatu ahalko ditu lehia guztiak. Nazioarteko Sokatira Federazioak ofizialtasuna aitortu dio.

Euskal Herriko Sokatira Txapelketa, artxiboko irudi batean. IMANOL OTEGI / ARP
Oihan Vitoria.
2014ko uztailaren 4a
10:41
Entzun

Sokatirako euskal selekzioa ofiziala da herenegundik. Hala jakinarazi diote Nazioarteko Sokatira Federazioko kideek Euskadiko Herri Kirol Federazioari. Aurrerantzean, beraz, sokatirako euskal selekzioa ofizialki lehiatu ahalko da nazioarteko txapelketa guztietan, Basque Country izenpean. "Eskubide eta betebehar osoko" onarpena eman diote selekzioari, eta federazio horren parte da jada. Estatus horretaz, baina, abuztuaren 31tik aurrera baliatu ahalko da; orduan bukatuko da AEBetan egingo duten lur gaineko txapelketa.

Berrogei urte, tiraka

Sokatirako euskal taldeek berrogei urte baino gehiago daramatzate nazioarteko txapelketetan parte hartzen. Halere, sekula ez dute aukerarik izan ofizialki nazioarteko federazioko parte izateko. Hori dela eta, Spain izenarekin lehiatu dira Euskal Herritik kanpoko txapelketetan, betiere euskal ikurrak erabiliz. Aitorpena falta zitzaien, eta azkenean lortu dute, hori baitzen erronka: federazioaren parte izatea. "Duela berrogei urte inguru parte hartzen hasi ziren talde batzuek jarraitzen dute oraindik ere. Baina segitzen ez dutenen lanaren ondorioa ere bada lorpen hau", nabarmendu dute.

Pozarren dira selekzioko kideak. Urteetan buru-belarri aritu dira ofizialtasunaren atzetik: belaunaldi asko pasatu dira helburua erdietsi ezinik. Baldintzak ere askotarikoak izan dira. 2012ko apirilaren 18an Espainiako Auzitegi Konstituzionalak euskal kirolari buruz kaleratu zuen ebazpena "mugarri bat" izan zen, federazioko ordezkarien irudiko. Akordioak lortzeko oinarriak jarri zituela diote. Orduan ekin zioten nazioarteko federazioa biltzeari, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzaren laguntzarekin. Jaurlaritzak dokumentu "garrantzitsuak" jarri zituen euskal federazioko kideen esku. "Prozesu sakon bat ireki zen adostasunak lortzeko bidean".

Ez dute ahantzi urteetan eginiko lana, eta esker oneko hitzak dituzte prozesuan bidelagun izan dituzten guztiekin. "Bai Eusko Jaurlaritzari, federazioko zuzendaritzari, epaileei eta, batez ere, sokatira talde guztiei aipamen berezia egitea gustatuko litzaiguke. Haien lana gabe ez litzateke posible gaurko albistea". Hemendik aurrera ikurrina beste herrialdeen ikurren parean ikustea lortu du sokatirako selekzioak: "Herri txikia gara, baina sokatiraren munduan handiak gara".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.