Futbola

Soldata jaistea adostu dute Athleticeko jokalariek

Txapelketari noiz berrekin, horren araberakoa izango neurria. Ez bada partidarik jokatzen, jaitsiera %17koa izango da, eta, ateak itxita egiten bada, %6koa. Bazkideen kuoten ordainketaren inguruko neurriak ere hartuko dituzte, zailtasunak dituztenentzat.

2020ko apirilaren 16a
11:05
Entzun

Koronabirusak eragindako krisia dela eta, Athleticeko gizonezkoen lehen taldeko jokalariek, teknikariek eta klubeko zuzendaritza nagusiak erabaki dute beren ordainsariak jaistea, txapelketaren inguruan hartzen den erabakiaren arabera. "Arduraz eta konpromisoz" hartutako erabakia izan da, klubak ohar batean dioenez. Lehiaketari ez balitzaio berrekingo, jaitsiera hori %17koa izango litzateke. Ateak itxita jokatuz gero, berriz, %6. "Erabaki horrekin klubeko gainerako langileei eragin diezaieketen neurriak saihestea du helburu".

Athleticek berretsi du baduela modua bere langileekin dituen konpromiso ekonomikoei eusteko, baita kontratatuta dauzkan zerbitzuen kostuei erantzuteko ere. Gainera, Lezaman eta San Mamesen egin beharreko hobekuntza lanei eusteko konpromisoari eusten dio. "Baina ezin diogu bizkar eman sortu den egoera larri eta ezohiko honi". Horregatik hartu dute soldatak jaisteko erabakia. "Lehen egunetik, klubeko langile guztiek erabateko konpromisoa erakutsi dute, eta aurrerapauso bat eman duten egoera honek sortzen dituen kalteak arintzeko". Horrekin batera, klubak jakinarazi du neurriak proposatuko dituela kuoten ordainketan eta kudeaketan bazkideek izan ditzaketen arazoak bideratzeko.

Entrenamenduetara itzultzeari dagokionez, "kirolarien eta klubeko beste langileen osasuna zaintzen" segituko dutela nabarmendu du Athleticek. "Erakunde ofizialen agindu eta erabakien arabera egongo da itzulera hori. Bien bitartean, gure talde guztietako jokalariek etxetik jarraituko dute lanean, zelaietara itzultzeko ametsarekin". Horrekin batera, berretsi du Realaren Kopako finala zaleekin jokatu nahi duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.