ATLETISMOA

Sorbaldak ezetz esan dio Jainagari

Odei Jainagak nahi baino lehiaketa okerragoa egin du, sorbaldako minaren eraginez ezin izan baitu xabalina ohikoak dituen distantzietara jaurti. Lesioa osatzea izango du orain lehentasuna.

Jainaga, gaurko saioan. ALBERTO ESTéVEZ / EFE
jakes goikoetxea
2021eko abuztuaren 4a
12:10
Entzun

Odei Jainagaren aurpegian ez zegoen tristurarik gaur goizean Tokion. Etsipen pixka bat bai. Inork baino hobeto zekien nola iritsi zen Tokioko Olinpiar Jokoetara, eta bazekien gaur gertatu dena gerta zitekeela: nahi baino xabalina jaurtiketa kaskarragoak egitea eta etxera bueltatu behar izatea.

Eskuineko sorbalda minduta du aspalditik. Hautsia du sorbaldako zurda bateko zatitxo bat, eta minduta, berriz, sorbaldako lotailuen kapsula. Horrek xabalina botatzeko orduan gorputza ondo blokeatzea eragozten dio, hau da, abiadura hartu eta gero, gorputza guztiz geratzeko eta inertzia baliatzeko prozesua.

Jainagaren itxaropena zen, sorbalda gaizki edukita ere, jaurtiketa onak egin izan dituela Tokiora joan aurreko lehiaketetan, eta halako zerbait gerta zitekeela gaur olinpiar estadioan ere. Baldintza horietan lortu zuen, esaterako, 84,80 metroko marka. Aintzat hartu behar da azkeneko hiru hilabeteetan lehiaketetan soilik jaurti duela xabalina, ez entrenamenduetan.

Baina gaurkoa ez da egun horietako bat izan, ordea. Anestesia jarri diote eskuineko sorbaldako bi lekutan, mina sentitzen zuenetan. Anestesiak ez du bere funtzioa guztiz ondo bete, eta lehiaketako emaitza ez da ona izan: «Espero baino dezente okerrago atera da».

Berotzen hasi denerako sentitu du mina. Ez da seinale ona izan. Lehen ahaleginean 73,11 metrora jaurti du xabalina. Finalera zuzenean sailkatzeko 83,50 metroen marra horitik urrun. Jainagak aurten ia beti gainditu izan dituen 80 metroetatik ere urrun.

Bigarrena motzagoa izan da: 70,77 metro. «77 metroren bueltan jaurti ahal izatea espero nuen», azaldu du Jainagak. Baldintza egokietan hori eta gehiago jaurti beharko luke: «Hainbatetan jaurti izan dut xabalina 77 metroraino, edozein txapelketatan eta edozein modutan».
Gaur, ordea, ez. Jainagak nahi zuen, baina haren buruak eta sorbaldak ez: «Buruak mina sentitzen zuen, eta gorputza argia da: nik hala nahi gabe ere, gorputza blokeatu egiten du, eta ez dio uzten».

Hirugarren jaurtiketa ez botatzear egon da, lehiaketa uztear. «Baina», argitu du, «neure buruari esan diot jaurtiketa bakarra geratzen zela eta saiatu behar nuela». Jaurtiketa baliogabea izan da azkenean.

Plazagizona da Jainaga, eta plazagizonaren patxadarekin eta aldartearekin agertu da prentsa eremura. Ez zegoen triste. Xabalina nahi baino gertuago botata ere, gozatu du txapelketaz eta testuinguruaz: «Giroa, estadioa, estadioaren estalkia, zerua...». Parte hartzaileek soilik duten ikuspegiaz.

Oso garbi dauka zein den Tokio eta geroko lehentasuna: sorbalda osatzea. Alde batetik, sorbalda indartu beharko luke, inguruko giharrei hobeto eusteko. «Bestetik, zurda leundu», zehaztu du. «Esan zidaten zurda arruntak 0,8 zentimetroko luzera duela, baina nireak 1,2koa, eta jada loditzen hasita dago». Zurda leundu egingo liokete, osasuntsuak ez diren zuntzak kentzeko.

Osatu eta gero, bi lehiaketa ditu buruan: datorren urteko munduko txapelketa, AEBetan, eta 2024ko Parisko Olinpiar Jokoak. «Gustatuko litzaidake Parisen lan txukuna egitea eta goian ibiltzea».

Bitartean, gaur gauean, anestesiak arindutako baina goizeko jaurtiketek zigortutako sorbaldako minak jasan behar izan ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.