«Sorrerako espirituari» eutsiko diola argitu du Euskadi Fundazioak

«Tradizioa eta euskal txirrindularitza» ardatz hartuta segituko du lanean, «garai berrietara egokitzeko»

Erredakzioa
Bilbo
2012ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
«Babesle, kolaboratzaile eta bazkideen etengabeko laguntzarekin, garatzeko eta maila gorenean aritzeko lan egiten du egunero Euskadi Txirrindularitza Fundazioak, kirol proiektuaren sorrerako tradizioari eta espirituarieutsita». Espainiako kirol kazeta batek kaleratutako albistea argitzeko, ohar bat kaleratu zuen atzo Euskadi Fundazioak. Miguel Madariaga presidentearen hitzak oinarri hartuta, Euskaltelek Fundazioa utziko duela eta atzerriko txirrindulariak fitxatu ahal izango dituela jakinarazi zuen kirol kazeta horrek.

Euskadi Fundazioak hemeretzigarren denboraldia osatuko du 2012an maila gorenean. Hamabigarrenez parte hartuko du Frantziako Tourrean, eta zortzigarrenez UCI World Tour ligan; sortu zenetik, alegia. «Datu horiek argi uzten dute sorrerako estatutuak errespetatuz garatu den proiektuaren garrantzia; hau da, euskal txirrindulariz edo Euskadin hezitako txirrindulariz osatutako proiektuaren garrantzia».

Oharrean argitu dutenez, Euskadi Fundazioak Euskaltel enpresaren «ezinbesteko laguntza» izan du urteotan guztiotan. «Eta babes sendo horri esker bihurtu da Euskaltel-Euskadi erreferentzia, talderik maitatuenetakoa, eta nazioartean sonatua».

Euskaltel eta Euskadi, batera

«Proiektu berria garatzeko» Alberto Garcia Euskalteleko presidentearengan «konfiantza handia» daukala adierazi zuen Madariagak kirol kazeta horretan. «Baina bi aldeen arteko hamalau urte luzeko harreman estu eta emankorraren barruan kokatu behar dira esan horiek», argitu du fundazioak. «Euskaltelek eta Euskadi Fundazioak konfiantza eta errespetu giroan lan egin dute orain arte elkarrekin, eta hala gertatuko da aurrerantzean ere».

Euskadi Fundazioak badaki txirrindularitza «globalizazioaren merkatuan» sartzen ari dela. «Eta, alde horretatik, geroz eta zailagoa izango da maila gorenean lehiatzea». Iazko garaipen sonatuak gogora ekarrita, «egoera berrira egokitzeko lanean» jarraituko duela argitu du fundazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.