Ez dira han asko larrituko. Italiak Munduko Kopa bat gaizki hastea ez da albistea izaten. Guztiak agian ez, baina horrela abiatzen ditu gehienak: zalantzak uxatu gabe eta itxura onik eman gabe. Ez du horrek gerora eman edo lortuko duenaren berri ematen askotan, baina azken txapelduna da Italia eta hurbiletik zaindu behar da haren jarduna horregatik. Hasiberritan jarri behar zaio nota horregatik, eta ez dago zaila atzoko Italiari nota jartzen: eskasa.
Zalapartaka. Geldikako jokaldi batean eta Paraguaiko atezainak egindako oparia baliatuta sartu zuen De Rossik gola, eta salbatu zuen Italiak bere puntua. Bere puntutxoa. Lippiren filosofiari jarraikiz, balekoa. Ez zeukatenetik zeukatenera eginda, oso balekoa. Eta erakutsi zuten jokoari eta partidak eta kontrarioak hartu zien itxurari erreparatuta ere, erabat balekoa. Gaizki hasi bai, baina galtzen hasi ez.
Munduko Kopa bakoitzaren bezperan hasten da Italiari buruzko eztabaida. Jokalari eskarmentudunak bai, baina gazte sortzailerik ez duela diote batzuk. Lehengoari eustea hobea dela berritasunetan hastea baino diote besteek. Eta besteen hori Lippi entrenatzailearen pentsaera ere. Eutsi dio atzealdeari sendo, eta sendo erantzun zion atzo atzealdeak. Egin dio uko jokalari trebe, sortzaile eta artista ukitukoak selekzioan sartzeari -Cassano bat, esaterako, egin duen denboraldi bikaina eginda-, eta zelai erdirik gabe gelditu zen atzo. Min hartuta zeukan Pirlo, eta Montolivoren alde egin zuen apustu.
Jokatu ziren lehen minutuak, eta harrituta denak. Defentsa erabat aurreratuta zuela, baloiaren jabe eginda eta jokatzeko gogoz hasi zen Italia. Montolivorena zen sormenaren ardura eta ardura hartu zuen lehen minutuetan. De Rossi alboan hartuta, aurtengo Italia ezberdina izan daitekeela ziotenei arrazoia eman nahian hasi ziren jokatzen: baloia zentzuz eta gustuz mugitzen. Baloiaren jabe Italia, eta Paraguai zain kontraerasorako. Italia berea ez den estiloan eta Paraguai Italiarena den estiloan, alegia.
Lehen ordu laurdena joan zen horrela. Montolivo desagertzearekin eta Paraguai indartzearekin bat bukatu zen dena. Han bukatu zen Italiaren freskotasuna eta han Italiaren berritasuna. Kontrario gogorrarekin egin zuen topo. Munduko Kopara sailkatzekoa aparta egin du, eta lehen aldiz final-zortzirenak gainditzeko gai direla erakutsi nahi du Paraguaik. Atzo, argudio sendoak eman zituen horretarako: zelaian ongi jarrita, atzean sendo, oso sendo, zelai erdian borrokalari eta aurrealdean arriskutsu. Egia da haiek ere sormenean egin zutela kale. Falta zaiela haiei ere jokoa zentzuz banatu eta taldekideak ganoraz mugiaraziko dituen norbait, baina kontrarioak baino itxura hobea eman zuen ia beti. Eta kontrarioa, atzo, Munduko Txapelduna zen.
Zelai erdian nahastu zen jokoa. Ez atzera eta ez aurrera aritu ziren minutu askoan bi taldeak, arrisku handirik sortu gabe. Ohikoa da horrelakoetan geldikako jokaldiek hartzea indarra, eta horixe gertatu zen. Falta jaurtiketa batean, erdiraketa on bat sareetara buruz bidalita sartu zuen gola Alcaraz Paraguaikoak, bere taldeko jokalaririk onenetakoak. Saria zen, eta merezitako saria. Munduko txapelduna estu hartzeko gaitasuna erakutsi zuen taldearen saria. Talde sendoarena, ezerosoarena, eta gogorrarena. Ez joko gogorra egiten duelako -hori izan du orain artean fama-, eteten oso zaila delako baizik.
Noraezean ari zen ordurako Italia, eta noraezean abiatu zuen bigarren zatia ere. De Rossik hartu zuen inorena ez zen sortzaile lana, eta Montolivok baino hobeto asmatu zuen askotan. Hala ere, Paraguai ezustean harrapatzeko moduko jokalari bat behar zuen Italiak. Taldeari abiadura emateko moduko norbait. Lippi hasi zen aulkira begira, baina ez zuen inor topatu. Egia da Camoranesiren sarrerak -eta haren sarrerek-, piztu zutela taldea apur bat, Di Natalek beste bizitasun bat eman ziela, baina ez ziren gauzak askoz gehiago aldatu. Arrisku gehiago ikusten zen Paraguairen alderdian -ongi atzo Lucas Barrios-, Italiarenean baino.
Justo Villarren oparia
Berdinketa urruti zegoela zirudienean, geldikako jokaldi batean, korner jaurtiketa batean, egin zuen huts Justo Villar Paraguaiko atezainak eta asmatu De Rossik. Irten zen atezaina baloiaren bila, egin zuen kale, eta oinetara erori zitzaion baloia Italiako jokalariari. Beti ateratzen dute haiek ez dagoen tokitik ere zerbait, eta horixe egin zuten jokaldi horretan. Saiatu ziren horrelako gehiagoren bila partida amaitu arte, baina kalitate falta ezin da beti zortearekin estali.
Sortzailerik gabe, sortu ezin
Gabezia handiak erakutsi ditu Italia txapeldunak zelai erdian, oso estu hartu du Paraguaik, baina puntua salbatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu