Munduko Kopa 2014

Sortzetik sartzera

Herbehereak kostata nagusitu zaio Australiari (2-3), eta ia-ia sailkatua dago.

Wesley Sneijder eta Arjen Robben. ARMANDO BABANI / EFE
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 18a
21:02
Entzun

Arjen Robbenek gola sartu duenean 20. minutuan, kito pentsatu dugu askok eta askok. 0-1, eta Australiari gainera joango zaio Van Gaalen taldearen zama guztia. Herbehereak hobea izanik, eta Australia talde ahulena B multzoan, eragiketa azkar egin digu buruak: egurra emango dio Australiari. Baina hurrengo minutuan, Cahillek gol bikaina sartu du, bolea baten bidez. Horra arte golen inguruko kontakizuna eta burutazioak.


Bi jokaldi horien aurreko minutuak aztertzen badira, bada kontu deigarri bat edo beste; esaterako, hau: Australiak baloia une askotan eduki du, eta Herbehereak izan da kontraerasoaren aukeraren alde egin duena. Australiak hori egitea ez da ezustea izan, horrela jokatzea baitu gustuko Ange Postecuglu entrenatzaileak. Bere ereduan oinarritu da, eta txalotzekoa da hori. Herbehereak kontraerasoan aritu nahi izatea ez da ezustea izan neurri batean, ikusirik horrela txikitu zuela Espainia aurrekoan. Baina kontua da ez zegoela eroso, Australia nahiko eroso ari zen. Van Gaalek gaur ere 5-3-2 marrazkiaren aldeko apustua egin du defentsarako.


Herbehereak hau, pentsatzen hasita, sormenerako baino egokiagoa da kontraerasoan jokatzeko. De Jong eta De Guzman ez dira sortzaileak, eta beraiei dagokie jokoari sorrera ematea. Baina sorreran hain eskas ibili behar zuenik ere ez zuten askok usteko. Ezin zuen jokaldirik lotu, eta gainera, ezin Australiaren jokatzeko era geratu.


Zerbait egin beharra zegoen, eta egin du Van Gaalek. Martins Indiren lesioa baliatu du ezker hegaleko Memphis azkarra eta teknikoa zelairatzeko. Marrazkia ere aldatu du: 4-2-3-1. Bigarren zatiaren hasieratik, Australiaren bila joan da Herbehereak, presioa goian eginez. Sormenean ere hobeto moldatu da taldea. Baina Australiak egin du bigarren gola: 54. minutua zen, eta penaltiz sartu du Jedinak erdilariak. Itxaropen olatua izan da Australiarentzat, eta 1-3koa sartzeko aukera galanta ere izan du. Baina kale, eta handik berehala, Van Persiek egin du berdinketa.


Jokaldi horretan nabarmen geratu da Australiako atzealdea ez dela maila handikoa, huts egin baitute azkeneko lerroa aurreratzekoan: ezker hegaleko atzelaria geratu du egin da tokian, eta akabo taldekideen asmoa jokoz kanpokoa eragiteko. Hamar minutura, 68. minutuan, Memphisek zartakoa eman dio baloiari urrutitik. Huts egin du Ryan atezainak, eta 2-3koa izan da.


Hortik aurrera, Herbehereak erosoago ibili da, zuloak izan dituelako hain gustukoa duen jokoa egiteko. Sortzen lanak izan arren, bi partidetan zortzi gol sartu ditu. Golak sartzeko arazorik ez duelako, erraz ari delako. Eta zuloak ematen badizkio aurkariak, aukerak sortzeko baliabide bikainak dituelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.