Athletic eta Spartak Moskuren arteko partida bihar jokatuko da, baina honezkero Errusiako lehen zaleak Bilbon dira. Goizean Bilboko kaleetatik paseatzen ikusi dituzte, multzo txikietan. Spartakeko eskuin muturreko zaleak istiluak sortzeagatik ezagunak dira Europan, eta Ertzaintza zein Bilboko Udala segurtasun neurriak zorrozten ari dira haiek iristen direnerako. 2.500 zale inguru espero dira guztira, Athleticek bidalitako adina sarrera.
Zale talde arriskutsuenetako bat GF96 delakoa da, eta euren Twitter kontuan argitaratu zutenez, atzo Bordelen (Frantzia) ziren. Sobera denbora izan dute beraz Bilbora iristeko. Ertzaintza Errusiatik datozen hegaldiak eta Bilboko hotelak kontrolatzen ari da zale horien mugimenduak jarraitzeko. Ertzaintzak 800 kideko segurtasun plana diseinatu du, eta tabernariei gomendioak eman dizkie. Besteak beste, kristalezko edalontzirik ez erabiltzea eta terrazarik ez jartzeko aholkatu die. Zaleek sortu zuten beldurraren eredu, Pureza de Maria Bilboko ikastetxeak, San Mamestik gertu dago, oharra bidali die gurasoei bihar umeak eskolara eman ez ditzatela eskatuz.
Spartakeko zaleek etxetik kanpo jokaturiko hainbat partidatan sortu dituzte istiluak, eta asko nahastuta egon ziren azkeneko Eurokopan Errusiako zaleek, besteak beste, Marseillan (Frantzia) eragindako istiluetan. Herenegun, esaterako, Sparteko bi zale Gasteizko kaleetatik ibili ziren, eta dendari bati egin zioten eraso Alde Zaharrean. Spartakek, bere aldetik, partida hasi baino bi ordu lehenago egin die elkartzeko hitzordua bere zaleei, Moyua Plazan, eta, zaleentzat argitutarako oharrean, Bilboko zaleen “probokazioetan ez erortzeko” eskatu die.