Futbola. Europako Ligako final-laurdenak

Sporting Lisboa izango da Athleticen aurkaria finalerdietan

Portugaldarrek ez dute huts egin, eta Metalist Kharkiv Ukrainako taldea kanporatu dute

Julen Etxeberria.
2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Sporting Lisboa da Athleticek gainditu beharreko azkeneko oztopoa maiatzaren 9an Bukaresten jokatuko den Europako Ligako finala jokatzeko bidean. Portugalgo taldeak Metalist Kharkiv Ukrainakoa kanporatu zuen atzo, itzulikoan bana berdindu ostean —2-1 irabazi zuen joanekoan—. Sporting Lisboak eta Athleticek hilaren 19an jokatuko dute finalerdietako joanekoa, Jose Alvalade estadioan. Itzulikoa astebete geroago jokatuko dute, San Mamesen.

Athleticen begi onez hartu dute ziurrenik Sporting Lisboaren aurkako kanporaketa. Batetik, antzeko maila duen aurkaria delako. Eta bestetik, Bilbotik gertu dagoelako Lisboa, eta bidaia erosoa delako. Hala, oso litekeena da Manchesterrera (Ingalaterra) joandako milaka jarraitzaile zuri-gorriek berriro bat egitea Portugalgo hiriburuan. Agian bat baino gehiagok nahiago zuen finalerdietako kontrarioa Metalist izatea, ustez, Sporting baino maila apalagokoa baita. Baina bidaiari dagokionez, behintzat, ez dago alderik, Kharkiv Bilbotik 4.000 kilometro ingurura baitago, eta Lisboa mila kilometro eskasera.

Sporting Lisboa sona handiko taldea da Europan. Bere garaipen zerrendan, adibidez, Europako Errekopa bat dago, 1964an irabazitakoa. UEFA kopan, berriz, txapeldunorde izan zen 2004an. Baina Sportingek inon badu sona, hori Portugalen da. Titulu gehien irabazi dituen hirugarren taldea da. 44 guztira. Benfica eta Porto ditu aurretik (63). Sportingek bi titulu irabazi ditu azken hamar urteetan: bi Kopa. Horrek agerian uzten du ez duela bizi bere garairik onena. Portugalgo Ligan, adibidez, bosgarren da. Sasoi eskas baten ondorioa da. Gaizki hasi zen Domingos Paciencia aulkian zela, eta ez dabil ere askoz hobeto Ricardo Sa Pinto Realeko jokalari ohia entrenatzaile denetik. Hainbestean zelaian, eta hainbestean harrobiko lanean. Figo, Simao, Cristiano Ronaldo, Quaresma, Nani... Horiek guztiak irten ziren Sportingeko harrobitik. Azkenaldian, baina, harribitxi gutxi atera da.

Manchester Cityren borrero

Egia da Sporting ez dela lehengoa, baina Athleticek gaizki egingo luke hura gutxietsita. Portugalgo Ligan noraezean dabil, baina Europako Ligan bide zuzena darama, eta horrek finalerdiak jokatzera eraman du. Portugaldarrak, halere, gertu egon ziren lehen kanporaketan agur esatetik, estu eta larri gainditu baitzuten Nordsjaelland Danimarkako taldea: hutsean berdindu zuten Danimarkan, eta 2-1 irabazi zuen Sportingek Lisboan. Askoz estutasun gutxiago izan zituzten ligaxkan, eta lehen postuan sailkatu ziren, Lazio, Vaslui eta Zurichen aurretik. Lau partida irabazi zituzten eta bi galdu. Legia Varsoviak ere sufriarazi egin zien final-hamaseirenetan, baina Polonian bina egin ondoren, 1-0 irabazi zuten etxean. Athleticek egin bezala, Sportingek ere bidean utzi zuen lehiaketa irabazteko faboritoetako bat final-zortzirenetan. Zuri-gorriek Manchester United kanporatu bazuten, Sportingek Ingalaterrako hiri horretako beste talde nagusia utzi zuen lehiatik kanpo, Manchester City, hain zuzen ere. Lisboan 1-0 irabazi zuen Sportingek, eta Manchesterren 3-2 galdu, baina etxetik kanpo sartutako golei esker sailkatu zen.

Ricky Van Wolfswinkel aurrelari herbeheretarrak du Sporting finalerdietan egotearen erru handia. Taldeko goleatzaile nagusia da Ligan (zortzi) eta Europako Ligan (bost). Matias Fernandez, Jeffren, Diego Capel, Izmailov, Insua... jokalari bikainak ditu taldekide. Argi dago: gaia badu Sportingek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.