Iraultza izan da Emakumeen Birako azken etapan, Iurretan hasi eta amaitu dena. Mitchelton taldeak Annemiek van Vleuten eta Georgia Williams zituen sailkapen nagusiko lehen bi postuetan, baina haiengandik oso gertu zen Anna van der Breggen (Boels). Pentsa zitekeen Mitcheltonek kontrol lana egingo zuela, baina inondik inora, erasora jo du, eta bikain atera zaio estrategia, haren taldeko txirrindulari batentzat izan baita garaipena Biran. Baina ezustean ez da izan ez Van Vleuten, ez Williamsentzat, Amanda Sprattentzat baizik. Txirrindulari australiarrak indar erakustaldia eman du, eta merezita lortu du garaipena etapan eta sailkapen nagusian. Azken 50 kilometroak bakarrik eginda iritsi da helmugara. 2.12 atera die faboritoei, eta 1.37ra zegoenez, Bira irabazi du.
Sailkapen nagusian, Sprattek 48 segundo atera dizkio Van Vleuteni, 59 Van der Breggeni, 1.20 Williamsi, 1.27 Elina Longo-Borghiniri (Wiggle) eta 1.42 Asleigh Moolman-Pasiori (Cervelo). Ane Santesteban (Ale Cipollini) izan da lehen euskal herritarra sailkapen nagusian, 11. postuan, irabazlearengandik 3.23ra. Bikain ari da txirrindulari errenteriarra azken bi etapetan, onenekin nor baino nor gehiago.