Saskibaloia. Euroligako final-laurdenak

Sputnik gorria

Rafa Pueyo Gescrap Bizkaiko entrenatzaile laguntzaileak CSKA Mosku xehatu du: «NBAko taldea da», eta kanporaketako gakoa haien trantsizio jokoa eta blokeo eta jarraipena oztopatzea da.

Andoni Urbistondo.
Bilbo
2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Madrilen partida jokatu eta Bilbora bueltatu, eta bihar, Bilbotik Moskura. Bide hori egingo du Gescrap Bizkaiak, eta Errusiako hiriburuan larunbata arte geratuko da. Euroligako azken laurdenak ate-joka daude, Lauko Finalaren atariko azken langa. Lorpen historikoa bizkaitarrentzat, eta menditzar garai eta zaila aurrez aurre: CSKA Mosku. Errusiarrak dira faborito argi, 35 milioi euroko talde puska dutelako, baina Rafa Pueyo taldeko entrenatzaile laguntzaileak Bizkaiaren hautagaitza goresten du (Bilbo, 1971): «Inork ez zuen espero gu hemen egotea. Zergatik ez aurrera egin?».

Pueyok eta Pere Romero kideak Bizkaiaren aurkarien scou-ting-a egiten dute, talde azterketa: «Beste taldeekin erabilitako metodologia bera erabili dugu Pere eta biok. Aste pare bat daramagu lanean». Ze lanetan? «Haien azken lau partidak ikusi ditugu. Ni defentsako lanaz arduratzen naiz, eta Pere, eraso jokoaz: nola jokatzen duten, ze sistemarekin, presioa non eta nola egiten duten, zonakako defentsa egiten duten, haien ahuluneak bilatu… Bideoak-eta editatzen ditugu, eta horiek ikuskatzen ditugu denok, taldea zehatz aztertzeko».

Nola jokatzen du, bada, CSKAk defentsan?: «Helburu garbia du. Aurkariak euren saskipera sartzeko gonbita egin, edo amua bota. Barneraldiak egiteko erraztasunak eman, han oso indartsuak direlako. Ez dute presio handirik egiten kanpoko pase lerroan, baina laguntza sistema ikaragarria da. Lehentasuna laguntzak ematea da, buruz buruko defentsa baino gehiago, eta saskipean asistentziak ematea oso lan zaila da, asko mugitzen direlako eta besoak asko erabiltzen dituztelako. Kanpotik jaurtitzeko baimena ematen dute, badakitelako haiei errebotea kentzea oso zaila dela». Moskukoek eraso joko aparta erakutsi dute lehen bi faseetan, baina defentsan ezer gutxi: «Orain arte esku frenoa emanda aritu direla esango nuke, ez dutelako euren defentsa onena egiteko beharrik eduki irabazteko. Gure aurka gehiago estutuko dute, ziur, eta epaileek ere hala egiteko baimena emango diote. Joko estatikoan joka dezaten lortu behar dugu, bost bosten aurka, molde horretan ez baitira hain eroso aritzen. D'Or Fischerren parte hartzea erabakigarria izan liteke».

Loreak botatzen hasi da bilbotarra, eta ezin geratu: «NBAn jokatu duen edo joka dezakeen jokalari sorta handia du. Oso talde atletikoa da. Pibot handiak dituzte. Haien defentsa ez da Euroligako oldarkorrena, baina haien beso-luzera handia da, eta zaila da haiei puntuak egitea. Askotan lapurtzen dute baloia, eta txapel asko jartzen saskipean. Behin baloia bereganatuta, oso azkarrak eta eraginkorrak dira trantsizio jokoan. Europako onenak, ziurrenik. Trantsizio joko hori geratzen asmatzen ez baduzu, jai duzu. Estatikoan jokaldi asko saskiaren gainetik jokatuz bukatzen dituzte. Oso joko aberatsa du taldeak».

Saskibaloi lezioaren ondoren, egin beharreko galdera logikoa: zer egin behar du Gescrapek CSKAri irabazteko? «Joko bertikala egin, oldarkorra. Beldurrik gabe jardun, beldurra dugula erakusten badugu jan egingo gaituztelako. Buruz burukoetan jokalari onak ditugu, eta horietan nagusitzen saiatu behar dugu, haien sarean erori gabe, eta jaurtiketa irekiak sartu». Erraz esaten da, baina egin, egitekotan, ez da hain erraza izango.

«Faborito argi dira»

Azalpen oro eman ondoren, gardena da Rafa Pueyoren epaia: «CSKA da faborito argia, hala erakusten dutelako haren zenbakiek». Ondoren bota duen koska ere bai, ordea: «Itxaropentsu gaude. Guk gauza on asko egin ditugu. Real Madrili 24 punturen aldearekin irabazi etxean, Montepaschiri irabazi, Baskonia kanporatu… Inork ez digu ezer oparitu, eta hor bagaude, zerbaitegatik gaude». Kanporaketaren inguruan bolo-bolo dabil Bizkaia kontent, konforme litzatekeela Bilboko bigarren partida jokatzera behartuko balu, eta zeharka, ados agertu da Pueyo: «Ez litzateke seinale txarra, laugarrena jokatuko balitz bosgarrena jokatzera behartzeko aukera izango genukeelako».

Kanporaketa alde batera edo bestera desoreka dezakeen gako baten alde egiteko eskatu dio BERRIAk, eta azkar erantzun du, zalantzarako tarterik gabe: «Haien trantsizioak geratzea, laguntza sistema oztopatzea eta, batez ere, blokeoari eta jarraipenari trabak jartzea». Egungo saskibaloian jokaldi horrek garrantzi handia duela dio entrenatzaileak, baina CSKAk bereziki ondo egiten duela, maisu bat duelako lemazain lanean: Milos Teodosic. Nola geratu blokeoa eta jarraipena? Barre egiten du. «Galdera ona». Zer esan dezakeen pentsatzen du Pueyok, jakitun baita ezin duela den-dena esan. «Ez dezatela eroso egin, eta Teodosic ez dadila abantaila handiarekin irten blokeotik, segundo bat ematen badiozu txikitu egingo zaituelako. Oso adimentsua da, eta blokeoa zailtzea, oztopatzea da gakoa. Ondo irteten bada, irten eta berehala gure jokalariren batek Teodosic estutzen saiatu behar du, hark taldekideak eroso ez elikatzeko. Blokeoa eta jarraipena ez da bi biren kontrako joko soila; askoz gehiago da».

Istanbul buruan bai?

Bizkaiak hiru garaipenera du Lauko Finala. Istanbulen jokatuko da, Turkian, eta horretan pentsatu ote duen galdetuta, honatx erantzuna: «Burutik pasa ere ez. Sekulakoa litzateke. Inork ez du txakur txikirik ematen gure alde, eta hori ona da. Ez orain, ezta Euroliga hasieran ere. Italiako txapelduna, Espainiako Kopako txapelduna, Baskonia… talde asko menderatu ditugu eta kanporaketa hau sari potoloa da Bilbo eta Bizkaiarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.