Etapa bukatzeko bi kilometro falta zirela eroriko handia izan da gaur Frantziako Tourrean, eta erori direnen artean izan da Fabian Cancellara liderra. Ezkerreko eskumuturrean mina zuela sartu da helmugara, beranduago; hala ere, erorikoa hiru kilometro baino gutxiago falta zirela gertatu denez, ez du denborarik galdu, eta lider segitzen du. "Uste dut segituko dudala lasterketan", esan du ondoren Cancellarak.
Gert Steegmansek irabazi du etapa (3.48.22). Tom Boonen izan da bigarren, Filippo Pozzato hirugarren. Erorikoaren ondorioz, hogei bat lagun baino ez dira iritsi esprinterako aurrean. Tourreko bigarren etapa izan da gaurkoa (Dunkerke-Gante, 168,5 kilometro).
Erorikoaz eta Steegmansez gain, Ruben Perez Euskaltel-Euskadiko txirrindularia ere protagonista izan da, Cedric Herve eta Marcel Siebergekin batera, 30. kilometrotik ihes eginda egon direlako. 65. kilometroan sei minutuko aldea eduki dute, 20 falta zirela 1.50ekoa, hamar falta zirela minutu batekoa. Ezin iritsi bakarrik, ordea, tropelak esprinta nahi zuelako; hiru kilometro falta zirela harrapatu dituzte. Pixka bat lehenago Perez bera saiatu da bukaeran bakarrik ihes egiten, baina ezin.
Tourreko hirugarren etapa korrituko dute bihar: Waregem-Compiegne (236,5 kilometro).
Txirrindularitza
Steegmans irabazle, eta Cancellarak min hartu du
Erorikoa izan da Frantziako Tourreko bigarren etaparen bukaeran. Ruben Perez Euskaltelekoak kilometro asko egin ditu ihes eginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu