Orain arteko piloturik onena Casey Stoner australiarra izan da, baina bera al da piloturik onena? Denboraldi hasierako ezustea berretsi, eta, berriz ere, Rossi (Yamaha), Pedrosa (Honda), Melandri (Honda) eta enparauak atzean uzteko gai izango al da? Casey Stonerrek orain arteko azterketarik zailena izango du bihar Le Manseko zirkuituan, Frantziako Sari Nagusian. Qatarren, Turkian eta Txinan nagusi izan zen australiarra; Espainian bosgarren. Nahiko zirkuitu azkarrak ziren guztiak, eta bertako zuzenguneetan gaur egun Ducati etxeko motoak gainerakoak baino askoz azkarragoak direla garbi geratu zen. Txinan Stonerrek Rossirekin izan zuen lehia Ducatiren indarraren eta abiaduraren erakusgarri izan zen.
Zirkuitu azkar horietatik urrun, ordea, Munduko Txapelketa Europara itzuliko da bihar. Valentino Rossi eta Dani Pedrosaren etxera; Michelin etxearen toki kutunera. Izan ere, azken probetan Bridgstone gurpilak Michelin etxekoak baino askoz fidagarriagoak eta errentagarriagoak izan dira, eta, bi porroten ostean, Michelinek Le Mansen garaipenaren bidera itzuli nahiko du. Ia hilabete eta erdian bost proba izango dituzte, eta, beraz, gurpilen fidagarritasuna ere ezinbestekoa izango da puntuak pilatzeko.
Zuzenguneak badauzkan arren, Le Manseko zirkuitua motela da, erritmo aldaketa handiak egin beharrekoa, eta Rossi maisua da horrelako zirkuituetan. Pedrosa, berriz, ez dabil erabat gustura bere Honda motoarekin -Hondak, gainera, oraindik ez du inoiz irabazi Moto GP mailan Frantzian-, baina 100. lasterketa izango du biharkoa, eta lehen entrenamendu saioetatik sendo dagoela erakutsi du.
250 cc-ko proban Jorge Lorenzo Aprilia etxekoak alde handia lortu dagoeneko. Lau probatatik hiru irabazi ditu, eta 100 puntutik 95 irabazi ditu. Andrea Dovizioso 27 puntura dago jada, eta Alex De Angelis 36ra. Iaz larri iritsi zen Frantziara, eta erori egin zen, gainera. Aurten, ordea, oso sendo dabil eta bera da faboritoa. 125 cc-ko lehia, berriz, oso estua izango da. Pesek, Talmacsik eta Faubelek lau puntuko aldea dute, eta bakoitzak proba bana irabazi du.
Stonerrentzat azterketa
Frantziako Sari Nagusia jokatuko da bihar; itxuraz, zirkuitua egokiagoa da Rossi eta Pedrosarentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu