Beti da zaila etapa batean zehatz-mehatz zer gertatuko den jakitea. Eta zer esanik ez, atseden egun baten ondoren jokatzen bada. Ziklistak nagituta egoten dira batzuetan. Beste batzuetan, ordea, ez dute nagiak ateratzeko astirik ere izaten. Ikuskizuna emateko gogoz itzultzen dira lehiara. Halaxe gertatu da gaur, Espainiako Vueltako 10. etapan. Lehenik, ihesaldiak piztu du ikusmina. Oso multzo jendetsua osatu da lasterketa buruan, eta Michael Storer (DSM) izan da indartsuena, eguneko mendate bakarrean bere legea ezarrita. Etapa bat irabazteko helburuarekin hasi zuen Vuelta, eta bi patrikaratu ditu dagoeneko. Wanty taldeak ere etapen borroka zuen jomugan, baina ez zen inolaz ere espero sailkapen nagusian zeresanik emango zuenik. Bada, lehenik Rein Taaramaerekin lortu zuen lidergoa; eta gaur, Odd Christian Eikingekekin (Wanty) berreskuratu du.
Primoz Roglicek (Jumbo) oparitu egin dio elastiko gorria Eikingi. Lider izatearen zama gainetik kendu nahi du datozen etapei begira. Hala, hamahiru minututik gorako aldea hartzen utzi diote ihesaldiari. Hori bai, aurkari nagusiak atzeratzeko asmoa ere bazuen esloveniarrak, Almacharreko igoeran ikusi denez. Amaiera gogorra zuen mendate horrek, eta helmugatik 15 kilometrora zegoen gaina. Roglicek erritmo aldaketa bortitza egin du, eta ezustean harrapatu faboritoen tropela. Alabaina, erori egin da jaitsieran, eta Jack Haigekin (Bahrain), Enric Masekin eta Miguel Angel Lopezekin (Movistar) batera helmugaratu, garailearengandik 11.49ra. Bere txarrean, beste 37 segundo atera dizkio Egan Bernali (Ineos). Bestalde, erabat jokoz kanpo gelditu da MIkel Landa (Bahrain), onenekin ia hamar minutu galdu ondotik.
Zalaparta handia izan da etaparen hastapenean, eta 31 lagunek alde egin dute tropeletik. Haien artean zeuden Alex Aranburu (Astana), Xabier Mikel Azparren (Euskaltel) eta Jonathan Lastra eta Julen Amezketa (Caja Rural) euskal herritarrak. Aranburu beste hiru txirrindularirekin batera mugitu da mendatera heldu aurretik, baina ez da urrutira iritsi. Bai, ordea, Storer: zatirik gogorrenean erasoa jo, eta bakarrik iritsi da helmugara. Eiking 22 segundo geroago iritsi da. Lehia handia izan du Guillaume Martinekin (Cofidis) lidergoa lortzeko, eta, azkenean, norvegiarra gailendu da. Martin bigarren jarri da nagusian, 58 segundora, eta Roglic hirugarren dago orain, 2.17ra. Printzipioz, ez luke arazorik izan beharko nahi duenean lehen postura itzultzeko.
Biharko etapak ere bukaera bihurria izango du: bigarren mailako Locubin igoko dute 16 kilometroren faltan, eta koska gogor batean egongo da helmuga.