Espainiako Vuelta

Storerrek irabazi du Vueltako lehen mendiko etapa

Australiarrak indarra eta adimena uztartu ditu ihesaldian gailentzeko. Valverde erretiratu egin da, erori egin da eta. Roglicek ozta-ozta eutsi dio lidergoari.

Michael Storer gaurko etapako garaipena ospatzen. DSM
enaut agirrebengoa
2021eko abuztuaren 20a
19:15
Entzun

Erasoa noiz jo jakitea, eta ahaleginari eusteko gaitasuna izatea dira etapa bat irabazteko oinarrizko osagaiak. Biak lapikoan sartu ditu gaur Michael Storerrek (DSM), eta emaitza asegarria lortu: bere egin du Espainiako Vueltako lehen etapa menditsua. DSM taldeak eguneko ihesaldian sartu duen bost ziklistetako bat izan da Storer. Ez da beti hala gertatzen, baina txartel gehien zuenak irabazi du. Romain Bardet zen karta nagusia, baina, haren ordez, australiar gazteak lortu du garaipena. Iheskideen saiakerei behin eta berriz erantzun die, harik eta hiru kilometro falta zirela alde egin duen arte. Gorputza bihurritu behar izan du Balconada dAlacanten zegoen helmugara iristeko. Bigarren izan da Carlos Verona (Movista); ezin izan dio garaipena eskaini Alejandro Valverderi, lurrera jerori eta etxerako bidea hartu behar izan baitu. Pavel Sivakov (Ineos) sartu da hirugarren postuan.

Guztira 30 lagunek egin dute eskapu tropeletik, etapa hasierako eromena baliatuz. Lehen mailako mendate bat zegoen aurreneko kilometroetan, eta mila zatitan puskatu da lasterketa. Ihesaldiak bidea egin du ondorengo igoeretan, eta arriskuan izan da Primoz Roglicen (Jumbo) lidergoa. Lehenik, Jan Polanc (UAE) jarri da behin-behineko lider, eta geroago, Felix Grossschartner (Bora). Haatik, faboritoek bizi igo dute azken mendatea, eta, horri esker, elastiko gorriari eutsi dio esloveniarrak; hori bai, zortzi segundo eskasengatik. 3.33ko atzerapenarekin helmugaratu da, faborito gehienekin batera. Haiekin 30 segundo galdu du Mikel Landak (Bahrain), berriz ere atzean gelditu ostean.

Collaon, eguneko laugarren mendatean egon da lehiarik handiena oilarren artean. Oraindik beste bi igoera gelditzen ziren, baina zuhaitza astintzea deliberatu du Movistarrek. Aurrera bidali du Valverde, baina ustela izan da apustua, espainiarrak oso modu itsusian erori baita. Taldekidearen ezbeharrak xaxatu egin du Miguel Angel Lopez. Roglicek berak atera behar izan du kolonbiarraren atzetik. Jumbo taldeak lanak izan ditu sua itzaltzeko.

Mendate horren ostean xehatu da ihesaldia. Mugimendu taktikoa egin du Lawson Craddockek (Education), eta harekin bat egitea lortu dute Storerrek eta Sivakovek. Bi ziklista horiek heldu dira buruan Balconada dAlacanteren magalera. Harrapatu egin ditu Veronak, eta indarrez abiatu da 4 kilometro falta zirela. Storerrek odol hotzez jokatu du, aurrez izan diren erasoetan bezala. Eserita erantzun du, eta aurkariei azkena emateko zutitu da bakarrik. Oso malda pikoak zeuden bukaeran, eta herio larrian egin behar izan du garaipena berresteko ahalegina.

Ibilbide askoz ere lauagoa izango du biharko etapak: ez dute mendate bat bera ere igoko. Hortaz, atseden hartuko dute igotzaileek, etzi Velefique gogorrean amaituko den etaparen aurretik.

Zazpigarren etapa

1. Michael Storer (DSM) 4.10.13

2. Carlos Verona (Movistar) 21era

3. Pavel Sivakov (Ineos) 59ra

4. Sepp Kuss (Jumbo) 1.16ra

5. Jack Haig (Bahrain) 1.24ra

27. Mikel Landa (Bahrain) 4.03ra

Sailkapen nagusia

1. Primoz Roglic (Jumbo) 25.18.35

2. Felix Grossschartner (Bora) 8ra

3. Enric Mas (Movistar) 25era

4. Miguel Angel Lopez (Movistar) 36ra

5. Jan Polanc (UAE) 38ra

6. Egan Bernal (Ineos) 41era

7. Jack Haig (Bahrain) 57ra

8. Sepp Kuss (Jumbo) 59ra

9. Aleksandr Vlasov (Astana) 1.06ra

12. Mikel Landa (Bahrain) 1.42ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.