Futbola

Sufrimendurik gabe, bizipoza (1-2)

Lehen zatian eskas eta bigarrenean oso sendo, Realak garaipen ederra lortu du Valentzian, Griezmannen eta Pardoren gol banarekin. Pabonek sartu du etxekoen gol bakarra, 93. minutuan.

unai zubeldia
2013ko urriaren 19a
20:03
Entzun

Joan den denboraldiko 2-5ekoa gogoan, beste kolpe bat emateko helburuarekin joan zen Reala Valentziara, eta, are ederragoa eman du, Antoine Griezmannen eta Ruben Pardoren golei esker. Lehen zati kaskarrean, frantziarrak jarri du aurretik Donostiako taldea, Zurutuzaren pasea jasota. Bigarren zatian, berriz, Reala askoz txukunago ari zenean, Ruben Pardok lortu du 0-2koa, area ertzetik egindako jaurtiketa ederrarekin. Pardoren golaren aurretik, Agirretxek lehen zatian eskura eduki du 0-2koa, Velaren pasea jaso eta area barruan bakar-bakarrik errematea kanpora bidalita. Eta bigarren zatia hasi berritan, usurbildarrak berak eduki du gertu bigarren gola, De la Bellaren erdiraketa jaso eta area txikian bertan errematean huts eginda (beste bi aukera on ere eduki ditu, baina motel ibili da). Bigarren zati guztian arriskurik sortu ezinik aritu da Valentzia, eta 93. minutuan iritsi da Pabonen gola (1-2).

Mikel Gonzalez eta Ruben Pardo hasierako hamaikakoan zirela, lehen zatian Valentziarena izan da, gehienean, jokoaren kontrola, eta gol bat ere sartu dute etxekoek, korner batean. Epaileak baliorik gabe utzi du, ordea, Jonasen gola, jauzian Carlos Martinezi falta egin diolakoan. Ez du ematen faltarik zegoenik. Postigak (12. min.) eta Feghoulik ere (25. min.) aukera on bana eduki dute, eta baita Pabonek ere, 30. minutuan, area ertzetik egindako jaurtiketa gogorrarekin; Bravok geldiketa ona egin du, eta, aldaratzean, bizi ibili da Carlos Martinez. Hiru puntuekin ligan arnasa hartuta, datorren asteazkenean Manchester Uniteden zelaian ariko dira txuri-urdinak, Txapeldunen Ligako hirugarren jardunaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.