Sufritu egin dute Athleticeko eta Osasunako zaleek azken sasoietan. Baita bi klubetako kideek ere. Gertuegi izan dute jaitsiera, bilbotarrek lasai antzean bukatu badituzte ere azken bi denboraldiak. Horregatik, argi eta garbi daukate zer egin behar duten asteburuan hasiko den Ligan: mailari eutsi.
Itxuraz, helburu apala ematen du, baina gaur egungo futbola ez da garai batekoa. Gaur egun, liga irabazteko hiruzpalau hautagai eta beste pare bat albora lagata, gainerako guztiak ez jaisteko borrokan ibiltzen dira. Multzo horretan daude Athletic eta Osasuna. Onena litzateke helburua ahalik eta lasterren lortzea, gero beste batzuk jartzeko. Baina, lehendabizi, mailari eusteko behar diren puntuak eskuratu behar dituzte. Azken sasoietan hainbeste sufritu eta gero, gozatu nahi dute denek, ez sufrituz gozatu.
Athletic. Buru-belarri aritu beharko du
«UEFA, UEFA, UEFA», bota zuen denboraldi-aurrearen hasieran Joaquin Caparrosek. Europako Ligako ligaxka jokatzeko sailkatu da, eta orain, «Liga, Liga, Liga» esan beharko luke entrenatzaileak. Europako lan nagusia egin du taldeak, klubak ligaxkan izatea nahi baitzuen kosta ahala kosta, lasaitasuna lortzeko kirol arloan eta dirua biltzeko arlo ekonomikoan. Orain, beraz, Ligak beharko luke denboraldiko helburu nagusia. Aurreko urteetan ez bezala, sendotasuna lortzeko. San Mamesen, behingoagatik, talde indartsua izateko, baina han jokatzen duen bakoitzean, eta ez beharra daukanean soilik. Etxetik kanpo talde itxura lotua emateko. Horiek denak egiten ez baditu, sufritu egingo duelako beste behin. Eta Europan astero partida bat jokatu behar duen taldearentzat ez dago gauza txarragorik Ligan gaizki ibiltzea baino.
Hori guztia hartu behar du aintzat Caparrosek. Alferrik salduko du egundoko balentriatzat Europako Ligarako sailkatu izana, gero taldeak erregulartasunaren txapelketan kale egiten badu. Oraingoan, zuzendaritzak ez dizkio lehen hainbeste aukera emango. Balizko ordezkoa etxean sartu diote, Javier Irureta kirol zuzendari izendatzearen atzean balizko entrenatzaile aldaketa egon daitekeelako. Beraz, tentuz hartu beharko ditu hartu beharreko erabaki guztiak entrenatzaileak.
Ligan, Europan eta Espainiako Kopan txukun jarduteko, orain arte egin ez duena egin beharko du entrenatzaileak. Bere aginduetara dauzkan jokalari ia denak erabili. Aurreko bi denboraldietan ez zuen halakorik egin, eta hamalau bat jokalarirekin osatu zuen denboraldi osoa. Gainerakoak baztertu egin zituen, eta ez daude batere gozoak jokalariok. Denboraldi honetan, denak hartu beharko ditu aintzat, eta onerako izan behar luke. Baina egingo al du halakorik Caparrosek? Erakutsi du ez duela batere konfiantzarik zenbait jokalarirekin, eta zer lehiaketatan aterako dituen ez dago batere argi. Udan, bi lehiaketa ofizial jokatu ditu: Superkopa eta Europako Ligako bi kanporaketa. Eta, orain arte ez bezala, jokalari ia denak erabili ditu. Gauza bera egin beharko du hemendik aurrera ere.
Hainbeste lehiaketatan aritzea polita da, erakargarria. Baina arriskutsua ere bai. Talde guztiak eman behar du eman dezakeen guztia. Denen beharra izaten da. Jokalarien erantzukizuna da hori, entrenatzaileak beraiekin duen jarrera alde batera lagata. Hiru txapelketak aztertu, eta lehentasuna zeinek duen ondo zehaztu beharrekoa da. Egokiena gustuko dituen jokalariak eta hain gustuko ez dituenak nahastea litzateke, txapelketa guztietan antzera jarduteko eta jokalari denek izan dezaten Europan aritzeko aukera. Hartara, Ligan, Kopan eta Europan, talde lehiakorra izango luke Athleticek. Baina ondo egingo luke helburu nagusitzat gaur hasiko den Liga jarrita, hura gabe ez baitago Europarik. Edozein kluben jardunean, oinarrizkoa da Liga, eta gainerako guztia, gainean ezartzen diren sariak. Athleticen ere hala izan behar luke.
Ligak azken urteetan izan duen bilakaera izanda, mailari eustea gauza handia da egun. Lehen, huskeria izan zaitekeen Athleticentzat, beste taldeak askoz beherago zeudelako. Baina, orain, denek egin dute gorantz, eta hamar-hamabi bat talde ibiltzen dira urtero ez jaisteko borrokan.
Bestelakoan, taldearen egituraketan, badira berrikuntzak. Castillo, De Marcos, San Jose, Diaz de Zerio eta Zubiaurre dira aurreko sasoian ez zeudenak. Barrutik kanporanzko bidea egin dute, aldiz, Del Olmok, Garmendiak, Iñigok, Javi Casasek eta Lafuentek. Fitxaketa onak dira. Caparrosen gustukoak, taldea utzi dutenak ez bezala. Baliabide gehiago izango ditu, hortaz, entrenatzaileak. Nola erabiltzen dituen beste kontu bat izango da, taldearen jokatzeko modua eztabaidagai baita klubaren inguruan. Entrenatzaileak erabakitzen du taldeari zer joko eredu ezarri, baina ematen du hain gustukoa duen joko zuzena lantzeaz gain beste aukera batzuk ere erabil ditzakeela. Joko zuzena errentagarria den ere ikusteko dago. San Mameserako egokia da, baina, aldi berean, puntu askok egin dute ihes Bilbotik azken bi sasoietan. Etxetik kanpo askoz komeria gehiago dauzka taldeak. Oso ahula da, etxean ez bezala. Agian, zer baliabide dauzkan kontuan hartuta, ez luke erabili beharko hain joko zuzena.
AITOR MANTEROLA
Osasuna. Hobera egitea ez da zaila
Oporraldiaren eta denboraldi-aurrearen ostean, badator denboraldi berria, eta futbol gosea nabari da dagoeneko. Osasunak argi dauka zein den helburua: azken bi denboraldietan baino estutasun gutxiagorekin mailari eustea da asmo nagusia, zalantzarik gabe. Azken bi sasoietan Ligako azken jardunaldira Bigarren Mailara jaisteko arriskuarekin iritsi da Osasuna, eta hainbeste sufritu gabe mailari eustea da gorritxoen lehendabiziko helburua. Hori aintzat hartuz gero, ez da zaila Osasunak hobera egitea sasoi honetan. UEFAko finalerdietara iritsi zireneko garaia, Espainiako Kopako finala jokatu zutenekoa eta Liga laugarren postuan amaitu zutenekoa ahaztuta daude jada, nahiz eta urte asko igaro ez balentria haiek lortu zituztenetik. Gorakada haren ostean beherakada latza etorri zen, ordea, eta, azken bi denboraldietako sufrimendua ikusita, aurrekontuagatik dagokiona soilik eskatzen zaio berriz Osasunari: beste urtebetez Lehen Mailan jarraitzea. Jokalariei gutxi eskatzea dela pentsatuko dute zenbait zalek, baina aurreko sasoian Bigarren Mailara jaisteko arriskua hain gertu ikusi ostean -lehen itzuliaren amaieran hondoratuta zeuden aurreko sasoian, sailkapeneko azken postuan, hemeretzi jardunalditan hamahiru puntu soilik batuta- mailari eusteari behar bezalako balioa emango diote gehienek berriro ere.
Taldean ez da berritasun askorik izan, baina Jose Antonio Camachok nahi zituen gauzetako bat egin dute behintzat, eta Murtziako entrenatzaileak aurreko sasoian baino jokalari gutxiago izango ditu bere aginduetara. Laburragoa nahi zuen Camachok, eta hala izango du: utzita zeuden jokalariak euren klubetara itzuli dira: Sunny, Hidalgo eta Tiago Gomes, esaterako. Eta Murtziako entrenatzaileak aintzat hartzen ez zituen beste jokalari batzuk ere Osasunatik at dira dagoeneko: Plasil, Ezquerro, Javier Flaño, Hector Font, Margairaz eta Kike Sola Numantziara utzita joan den aurrelaria, adibidez. Azken uneko fitxaketaren baten zain, 2009-2010 denboraldiko berritasun nagusiak Calleja, Aranda eta Camuñas dira. Ezker hegalean Tiago eta Plasil falta dira iaztik, eta, Delportek lesioen gurutzebidearekin jarraitzen duenez, Calleja gizon garrantzitsua izan daiteke Monrealen postuan edo haren aurretik jokatzeko. Eskarmentua dauka, eta Malagan denboraldi bikaina eginda iritsi da Osasunara aurrez Vila-realen ibilitako jokalari espainiarra. Aranda ere aurreko sasoian egindako lan onari esker iritsi da Osasunara. Futbola uztear izan ostean -2.B Mailako Gava talde kataluniarrarekin entrenatzen ari zen orain urtebete-, Numantziak beste aukera bat eman zion urte hasieran aurrelari andaluziarrari, eta Arandak bikain erantzun zuen. Oraindik ere bere oinetan futbol ona duela ikusita, Osasunak hiru urterako eskaintza egin zion Real Madrileko harrobitik irtendako jokalari andaluziarrari, eta Pandianiren bikotekidea izateko ardura izango du aurrerantzean Arandak. Camuñasen fitxaketak ere ilusioa eragin du; bikain ibili zen iaz, nahiz eta Recreativorekin Bigarren Mailara jaitsi, eta trebea eta golegilea da Osasunako jokalari berria. Hamar gol sartu zituen aurreko sasoian Huelvako taldearekin, eta, golegile peto-petoa ez izanagatik, aurrelarien atzetik jokatzen duten jokalariei gol kopuru handiagoa eskatzea ez da samurra. Nafarroako Erresuman bisitari gisa etorri denean buruhauste ugari eragin izan dizkie gorritxoei, eta etxeko jokalari gisa antzera ariko dela espero dute osasunazaleek. Fitxatutako hiru jokalarietatik Camuñasek sortu du ilusio handiena, zalantzarik gabe.
Osasunak eta haren moduko klubek ezin dute harrobia ahaztu. Belauneko lesioa gainditu ostean, Oier Sanjurjok lehen taldean jarraituko du, eta, Jokin Esparzarekin egiten dutenaren zain -lehen taldearekin entrenatzen jarraitzen du, baina bera eta Nico Medina txiletarra beste talderen bati uzteko itxaropena dute Osasunako arduradunek-, Ruper eta Galan izango dira bigarren taldetik talde nagusira jauzia egingo duten bi jokalariak. Denboraldi-aurreko partidetan poliki jokatu dute biek, baina onenekin lehiatzera egokitu beharko dute. Etorkizun bikaina izan dezakete, hala ere, Aiegiko euskarriak zein Iruñeko aurrelariak.
Zaleek fitxaketa berri ugari nahi izaten dituzte udan, baina, zalantzarik gabe, zuhurtasunaren alde egin du Osasunak, krisi garai hauetan dirua alferrik xahutzerik ez dagoelako batetik eta futbolean garrantzitsuena talde gisa aritzea dela jakinda bestetik. Eta hori izango da Osasunaren indarra sasoi berri honetan ere. Camachok sasoi hasieratik zuzenduko du taldea, nahi ez zituen jokalariak ez daude jada taldean, eta jokalariek aurreko sasoian baino hobeto ezagutzen dute elkar -Vadocz hungariarrak eta Masud irandarrak taldera hobeto egokituta behar dute honezkero lehen denboraldi goraberatsuaren ostean, esaterako-. Azpilikuetak, Monrealek eta Miguel Flañok Osasunan jarraitzea albiste bikaina da, zalantzarik gabe, eta alde egin dutenetatik Plasil soilik zen ezinbestekoa aurreko sasoiko taldean. Camachok badaki zer daukan esku artean, badaki non dagoen eta badaki zein den helburua. Denboraldi-aurrean maila ona eman dute, eta zaleen babesarekin, mailari eusteko estutasunak saihestea eta, ahal izanez gero, helburu dotoreagoren baten bila aritzea da asmoa orain.
ASIER LEGARDA-EREÑO
Sufritu gabe gozatzeko asmoz
Bihar hasiko dute Liga Athleticek eta Osasunak, eta bientzat bat da helburua: mailari eustea. Asmo hori ahalik eta azkarren bete nahi dute, gero beste batzuk hartzeko itxaropenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu