Irabaztea tokatzen zen, eta irabazi egin du Realak Anoetan. Sufrituta izan arren, txuri-urdinek 1-0 menderatu dute Valladolid, eta Europako postuetan tinko jarraitzeko hiru puntu baliotsu lortu dituzte. Distira gutxi erakutsi dute etxekoek, baina atea hutsean mantentzea lortu dute, eta horri esker atera dute aurrera neurketa. Aski izan dute ongi jositako jokaldi bat partidaren jabe egiteko. 22. minutuan izan da jokaldi hori. Seferovicek Pardori, honek maisuki Velari, eta mexikarrak ez du barkatu Valladolideko atezainaren aurrean. Baloia loratuta, 1-0ekoa egin du. Golak lasaitasuna eman dio Realari, baina ez du jakin izan lehia erabakitzen, eta sufritzea egokitu zaio.
Bigarren zatia kalbarioa izan da donostiarrentzat. Valladolidek indartsu ekin dio, eta pare bat susto eragin ditu Oscarrek, baina Bravoren lan onari esker, etxean geratu dira hiru puntuak. Realak Osasuna izango du hurrengo aurkaria, igandean, Sadarren (17:00).