Partida zaila eta gogorra irabazi du Realak Sevillaren aurka. Ez du joko bikainik egin, baina, lehen zatian bereziki, Sevilla baino gehiago izan da. Pardok eta Illarramendik ondo kontrolatu dute zelai erdia lehen zati horretan, eta, aukera argiegirik sortu gabe ere, txuri-urdinak eroso aritu dira atsedenaldira bitartean. Tartean, Griezmannek, Illarramendik eta Velak gorpuztutako jokaldi ederra izan da aipagarriena, goleko jokaldia hain zuzen ere (18. min).
Hori bai, atsedenalditik bueltan lo zelairatu da Reala, eta, Bravok erdiraketa bat urruntzean egindako hutsa ederki baliatu dute espainiarrek. Navasek pasea atzera bidali, Reyesek hankartetik pasatzen utzi, eta Medelek bidali du baloia sareetara, 49. minutuan. Realak sufritu egin du ondorengo minutuetan, baina Zurutuza zelairatzearekin batera iritsi da bigarren gola. Velak ondo eutsi dio baloiari jokaldi horretan, erakarri egin ditu atzelariak, azkar bidali dio pase sakona Carlos Martinezi, nafarrak ondo erdiratu du azpitik, eta bigarren zutoinean De la Bellak bidali du baloia sareetara. Xabi Prietok eta Agirretxek ez dute asmatu hirugarren gola sartzen, eta sufritu egin dute donostiarrek azken minutuetan. 87. minutuan geldiketa harrigarria egin du Bravok, ordura arteko lan kaskarra konponduz. 25 punturekin, Europako Ligako postuetatik bi puntura geratu da Reala, behin-behinean.