Realak, iazko sasoian bezalaxe, ligako azken partidako hatsean lortu du Europa ligarako sailkatzea, Osasunari 1-0 irabazita, Sadarren. Oro har, Imanol Alguacilen taldea nagusi izan da partidan, baina gola sartzea izugarri kostatu zaio, harik eta 86. minutuan saria jaso duen arte, Alexander Isaken eskutik. Garaipenaren gola sartu du suediarrak, eta bigarren urtez jarraian Europa ligan ariko dira datorren sasoian. Egiari zor, txuri-urdinek buruan ondo iltzatuta izango dute aurtengo denboraldia.
Jagoba Arrasatek eta Imanol Alguacilek zelairatu dituzten hamaikakoei lehen begirada emanda, nabari zen zein taldek zuen gehiago jokoan; hots, Realak. Gorritxoei dagokienez, Unai Garciak, David Garciak eta Kike Barjak soilik errepikatu dute postua. Etxekoek puntuen premiaren behar handirik ez zutela eta, Arrasatek denboraldian gutxi jokatu duten jokalariei eman die aukera.
Alguacilek, berriz, sasoiko azken zatian klarion zorrotzarekin arbelean marraztu izan ohi duen taldea zelairatu du gaur, azken partidarekin alderatuta bi aldaketa egin dituen arren; batetik, eskuin hegalean Cristian Portu ezarri du, eta Adnan Januzaj aulkian utzi; eta, bestetik, Martin Zubimendik hartu du euskarri lanetarako ardura, Asier Illarramendiren ordez.
Demaren atarikoan, Orioko teknikariak argi esan zuen Reala ez zela jolasera joango Iruñera, eta Jorge Figueroa Martinez epaileak txistua jo orduko baieztatu da hori. Hasiera-hasieratik, baloiaren jabetza Realaren aldekoa izan da, eta, ibilian-ibilian, txuri-urdinek izan dituzte partidako lehen abaguneak; lehenengoan, Alexander Isakek erdiraketa pozoitsua bezain zitala egin du, eta Osasunako atzelariek hala moduz urrundu dute; bigarren aukera are handiagoa izan dute donostiarrek. Portuk eskuin hegaletik erdiraketa paregabea egin ostean, Ander Guevarari oinetara heldu zaio baloia, penalti puntuaren inguruan zegoela. Gasteiztarrak, ordea, baloia gora bidali du.
Osasunako jokalariak atzean sartuta zeuden, eta nola edo hala kontraerasoan atera nahi zuten baloia. Reala, berriz, serio atera zen zelaira, eta soseguz zebiltzan donostiarrak, batez ere eskuinetik sortutako ahaleginen bitartez. Atea zulatzea falta zitzaien, ordea.
Partidak aurrera joan ahala, Realari jokoa nahasi zaio, Osasunaren mesederako; urrats bat aurrera egin du, harik eta Alex Remiroren atera aurrenekoz iritsi diren arte. Kike Barjak sekulako zartakoa eman dio baloiari, baina langatik gora joan zaio. Lehen zatiko hondarrean, Arrasateren taldea indar nahiz gogortasun handiarekin lehiatzen ari zen, baina erasoan ez zebilen fin. Huts eta huts heldu dira atsedenaldira.
Realaren erauntsia
Osasunak bigarren zatia kementsu hasteko xedez, Berriatuako entrenatzaileak Jon Moncayola sartu du zelaira, Lucas Torroren ordez. Bigarren aldaketa, ordea, uste baino lehenago egin du Arrasatek. Unai Garciari, ezker belauna soropilean kateatu zaio, eta halabeharrez, zelaia utzi behar izan du. Jonas Ramalhok ordeztu du.
Aldaketak aldaketa, Realak hartu du demaren lema, eta aurkariaren areara ere sarriago heltzen zen, Mikel Oiartzabalen eskutik; bi aukera garbi izan ditu, baina kamuts aritu da eibartarra. Joko argirik egin gabe ere, Reala zen nagusi, eta aukerak ere bata bestearen atzetik izan dituzte Alguacilen jokalariek. David Silvak pase ederra bidali dio Isaki, baina aurrelari suediarrak area barruan eskuinez gurutzatuegi jaurti du. Handik gutxira, protagonistak ziren bi jokari horiek aurreko rolak ordezkatu dituzte; Isakek mimo handiz bidali dio baloia Silvari, baina espainiarrak zerura bidali du. Alguacilek txinpartari hauspo gehiago eman nahi zion, eta Ander Barrenetxea, Carlos Fernandez eta Adnan Januzaj atera ditu zelaira, eta Oiartzabal, Silva eta Portu bidali aulkira. Enegarrenez, gola sartzeko zorian izan da Reala; Fernandezek aukera paregabea izan du area txikian, baina zutoinaren ondotik joan zaio baloia. Osasuna gogotik ari zen sufritzen, eta sekulako erauntsia jasotzen ari zen bisitarien partetik.
Kosta ahala kosta, donostiarrek gola behar zuten Europa ligako postua ziurtatzeko; izan ere, Galiziatik ez zetorren albiste onik; Betisek 3-2 irauli baitu markagailua Celtaren aurka, eta, egoera horretan, Europatik at ziren txuri-urdinak. Emaitza horren jakinaren gainean zeudela, bai zelaian bai aulkian urduritasuna gehiago azaleratu zaie Realeko jokalariei, baina azken minutuetan ez dute iparra galdu, eta, ekinaren ekinaz, saria jaso du Realak 86. minutuan. Januzaj maisua da eskuinetik erdiraketak egiten, eta, aukera izan duenean, gozo-gozo jarri du baloia arean; izan ere, han zegoen Isak, zain. Aztia da horrelako jokaldietan, eta suediarrak denboraldi osoan argi erakutsi du gol sena baduela. Indarra eta arima jarri ditu baloia errematatzeko, eta nola ez, sareetara bidaltzeko. Zoramena Realeko taldekideen artean, gol horrek eman baitio bigarren urtez jarraian Europan aritzeko aukera.