Simon Yatesek (Mitchelton) maglia arrosari eusten dio hemezortzigarren etapa jokatuta. Hala ere, txirrindulari ingelesak gogotik sufritu du gaur, Prato Nevoson gora. Tom Dumoulinek erasoa jo dio azken kilometroetan, eta Yatesek eutsi egin dio. Baina hortik gutxira Chris Froomek aurrera egin du, eta Pozzovivo eta Dumoulin eraman ditu haren gurpilera. Ez, ordea, Yates. Atzean geratu da, ezinean. Luze egin zaizkion azken aldapak ingelesari. Azkenean, 28 segundo galdu ditu helmugan Pozzovivo, Dumoulin eta Froomerekiko. Beraz, sailkapen nagusian, zeukan aldearen erdia kendu dio herbeheretarrak ingelesari, eta 28koa da orain. Alde oso txikia da, are gehiago hurrengo bi etapak zein gogorrak diren kontuan hartuta. Ahulezia erakutsi du gaur Yatesek, eta ziur horrek aurkariak hauspotu dituela, erasotzen jarraitzeko.
Hori guztia oilarren taldean pasatu da. Lasterketa buruan, berriz, ihesaldi batek bereganatu du arreta osoa. Dozena bat txirrindularik osatu dute, eta tropelaren aurretik iritsi dira guztiak. Maximilian Schachmannek (Quick Step) irabazi du etapa, Ruben Plaza (Israel Akademia) eta Mattia Cattaneoren (Androni) aurretik.