Baiona 18. Perpinya 16

Sufrituta irabazi du

Baionak garaipen estua erdietsi du Perpinyaren aurka, eta burua altxatu du; hiru postu egin du gora sailkapenean

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Baiona. Lafond, Roumieu, Boyoud (Iginiz, 48. min.); Boutaty, Flavell; Haare (Tialata, 63. min.), Baget (kap.), Puricelli (Marmouyet, 48. min.); Gartzia (Audy, 70. min.), Boyet; O'Connor, Mazars, Lacroix (Visensang, 73. min.), Gerber; Heymans (Otazo, 57. min.).

Pernpinya. Freshwater, Tincu (Gely, 50. min.), Pulu (Thiart, 50. min.); Olibeau (kap.), Vilaceca (Avarez-Kairelis, 6. min.); Guiry, Perez, Tuilagi (Chouly, 33. min.); Mele (Boulogne, 69. min.), Laharraga; Plante, Hume, Cross, Sid; Porical.

Markagailua. 3-0; 6-0; 9-0; 9-3; 12-3 (atse.) 15-3; 15-6; 15-13; 18-13; 18-16.

Epailea. Laurent Cardona.

Baionak lorpen ederra erdietsi zuen atzo, etxean Perpinyari irabaziz. Joan zen astean Briveren etxean gogor galdu ondotik, jaisteko postuetan sartu zen Lapurdiko taldea, eta irabazteko behar gorrian zegoen. Garaipen honekin hiru postu gora egin du euskal taldeak, eta hamargarren postuan dago.

Partida estua izan arren, baionarrak ederki hasi ziren. Azken partidetan ez bezala, grina eta gogoa erakutsi zuten eta borrokarako prest zelairatu ziren. Aitzinean min egin zioten Perpinyari, eta euskaldunen uztartzea ederki sartu zen partidan. Perpinya defentsara mugatuta zegoen, eta faltak egiten hasi zen. Boyetek ez zituen alferrik galdu aukera horiek guztiak, eta Baionari abantaila hartzeko aukera eman zion. Hiru zigor kolpe sartuta, 9-0 ezarri zen aitzinean etxeko taldea. Perpinya erantzuten entseatu zen, eta Jerome Poricalek bi ahalegin huts egin ondotik, hirugarrenean asmatu zuen: 9-3. Hala ere, Benjamin Boyetek errefera eman zion atsedenadia iritsi baino lehen, eta Baiona markagailua alde zuela joan zen aldageletara: 12-3.

Bigarren zatian, baina, gauzak okertu egin ziren Christian Gajanen taldearentzat. 50. minutuan Gartziak dropa sartu zuen, eta bazirudien garaipen erraz baten bidea hartu zuela Baionak: 15-3. Baina Perpinya gaizki ezagutzea da uste hori izatea. Katalanek ez zuten etsi. Poricaek zangoz aldea murriztu zuen lehenik. Partida bukatzeko 25 minutu falta zirelarik, Damien Choulyk jokaldi nahasi batean entsegua sartu zuen. Perpinya molde arriskutsuan hurbildu zitzaion Baionari: 15-13.

Norgehiagokaren bukaeran urduritasuna gailentzen hasi zen. Bi taldeek garaipena esku artean zuten, baina porrotaren ezpata ere ez zuten urrun. Benjamin Boyetek, oren laurdena falta zelarik, alde erabakigarria eman zuen eta 18-13koa ezarri. Poricalek, baina, fite ihardetsi zion eta 18-16koa ezarri. Azken hamar minutuak zailak izan arren, Baionak eutsi zion emaitzari eta garaipen bikaina lortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.