HARO 1-2 OSASUNA

Sufrituta sailkatu da Osasuna Espainiako Kopan

Iruñeko taldeak asko kostata irabazi dio Harori, eta final-hamaseirenetarako sailkatu da. Etxekoek sartu dute lehen gola, eta gorritxoek buelta eman diote emaitzari azken ordu laurdenean. Chimy Avila erabakigarri izan da berriz

'Chimy' Avila, garaipenaren gola ospatzen. OSASUNA
enaut agirrebengoa
2020ko urtarrilaren 11
16:19
Entzun

Osasunak egin beharrekoa egin du, Espainiako Kopako bigarren kanporaketa gaindituta. Nahitaez irabazi behar zion Espainiako Bigarren B Mailako Harori, eta ez du hutsik egin. Hori bai, izerdiaren bidetik sailkatu da final-hamaseirenetarako. Espainiarrak oso aurkari deserosoa izan dira, eta ataka estuan jarri dute Iruñeko taldea. Azkenera arte borrokatzera behartu dute, 72. minutuan aurrea hartu ostean. Neurketa eskasa egin dute gorritxoek, baina, bederen, garaiz itzali dute sua, azken ordu laurdenean emaitza iraulita. Suhiltzailea, nola ez, Chimy Avila izan da: hark sartu du garaipenaren gola, arauzko denbora amaitzear zela.

Ezustekoei bide ez ematea, eta kanporaketa ahalik eta errazen gainditzea zen nafarren asmoa. Horregatik, osoki lehen taldeko jokalariz osaturiko hamaikakoa zelairatu du Jagoba Arrasatek. Asko ordezkoak ziren, baina taldeak bazuen nahikoa berme bi maila beheragoko talde bati arazo handiegirik gabe irabazteko. Ordea, futbolean ez du beti indartsuenak irabazten, eta Harok desafio egin dio logikari. Jokamolde sendo eta oldarkorra erabili du horretarako. Gorritxoen gainean egon da une oro, eta, horri esker, teorian aurkariarekiko duen desabantaila gutxitu du.

Osasunak agintari ekin dio neurketari, baloia bere eginda, baina sekulako arazoak izan ditu espainiarren arean arriskua sortzeko. Argitasuna falta izan zaio azken metroetan, eta, hala, ezin izan du desegin aurkariak ehundutako amaraun trinkoa. Hamargarren minutuan, baloia sarera bidali du Juan Villarrek, baina gola baliogabetu du epaileak, aurrelaria jokoz kanpo zegoelakoan. Hortik aurrera, Unai Garciak korner batean buruz egindako errematea izan da lehen zati osoan gorritxoek eduki duten gol aukera ia bakarra.

Hori gutxi balitz bezala, oker inozoak egin dituzte baloia atzetik ateratzean, eta, hala, Juan Perezen ate ingurura iristeko aukera eman Harori. Esaterako, 21. minutuan: Joseba Garciak gora errematatu du plantxaz. Beste arrisku jokaldi batzuk ere izan dituzte etxekoek, baina azken pasean asmatzea falta izan zaie.  

Nafarrak kezkatzen hasiak ziren, eta estutu egin dute atsedenaren ondoren. Lehen gola sartzear izan dira 55. minutuan, baina langarekin egin du topo Meridak faltaz egindako jaurtiketak. Minutuen joanean, partida lehen zatiaren tankera hartuz joan da, eta Haro balentrian sinesten hasi. Are gehiago 73. minutuan 1-0ekoa sartu eta gero. Diengek baloia ostu dio Estupiñani, eta Mikel Bueno aise gailendu da arean. Arrasatek Adrian eta Chimy Avila zelairatu ditu, eta bi minutu geroago iritsi da banakoa. Atezaina tokiz kanpo zela baliatu du Vidalek. Eta lehia luzapenera joango zela zirudienean, gorritxoen bigarrena egin du argentinarrak, indarra eta klasea uztartuta. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.