Sufritzen ere badaki

Djokovicek bost setetan irabazi dio Murrayri, eta Australiako Irekiko finala jokatuko du bihar, Nadalen aurka

Erredakzioa
Donostia
2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Novak Djokovicek eta Rafa Nadalek jokatuko dute Australiako Irekiko finala, bihar. Serbiarrak Andy Murray garaitu zuen atzo jokatu zen bigarren finalerdian: 6-3, 3-6, 6-7, 6-1 eta 7-5. Gauza bera egin zuen Nadalek Roger Federerren aurka herenegun, txapelketako lehen finalerdian; Kataluniarrak 6-7, 6-2, 7-6 eta 6-4 irabazi zion suitzarrari.

Partida orekatua izango zela zirudien arren, Djokovicek sufritzen ere badakiela argi utzi zuen, atzo. Murrayk ezin hobeto eutsi zion Djokovicen hasierako jokoari. Ez, ordea, erritmoari. Iazko maila berreskuratzeko asko falta zaion arren, serbiarrak nahi bezala mugiarazi zuen Murray, pistaren alde batetik bestera. Ez zen nahikoa izan, halere, eta bosgarren setajokatu behar izan zuten, set erabakigarria. Azkenerako, Murrayk amore eman behar izan zuen ATPko lehenaren aurrean. Grand Slam bateko hirugarren finala jarraian jokatuko dute Nadalek eta Djokovicek —joan den sasoiko Wimbledongo eta AEBetako finalak izan ziren elkarren aurka jokatu zituzten azkenak—.

Gauzak ez dira aldatu ordutik; bi protagonistak iaz sei aldiz aritu ziren elkarren aurka. Sei neurketak, Djokovicek irabazi zituen, eta ATPko lehen postua ere kendu zion Nadali, Wimbledongo finala irabazita hari. Elkarren aurka jokatuko duten 30. partida izango da biharkoa: hamasei Nadalek irabazi ditu, eta gainontzeko hamahiruak, Djokovicek.

Urteko lehen torneo garrantzitsura ez dira euren sasoirik onenean iritsiko. Ikusmin handiko finala izango da, ordea; ikusi beharko da Djokovic oraindik gai den Nadali irabazteko.

Emakumezkoen finala gaur

Victoria Azarenkak eta Maria Xarapovak emakumezkoen banakako finala jokatuko dute gaur goizean. Tituluaz gain, WTA zerrendako lehen postua ere jokoan egongo da; Caroline Wozniackiorain arteko lehen sailkatua finalera iritsi ez izanak horretarako aukera zabaldu die beste biei.

Xarapovak badaki zer den tenisaren gailurrean egotea. 2005eko abuztuan lortu zuen lehen aldiz WTAko lehena izatea; hamazazpi astean eutsi zion erreinuari, baina lesioek eraginda, Wozniackik, zeina gaur arte zerrenda horretako buru izan den, lekua kendu zion. Azarenkak, baina, ez du sekula postu horren jabe izaterik lortu; sailkapeneko hirugarrena da orain. Lehen aldiz ariko da Grand Slam bateko final batean; esperientzia gutxi izanagatik, indarrak Xarapovaren aurka neurtu dituen azken bi partidak irabazi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.