Atzera kontaketa hasi du dagoeneko 2013-14 saskibaloi denboraldiak. Gaur denboraldiko egutegi ofiziala aurkeztu du ACBk, eta jakitera eman du zein asteburutan jokatuko den Gasteizko Superkopa. Urriaren 4an eta 5ean izango da, ostiral eta larunbatean, eta Laboral Kutxak, Bilbao Basketek, Real Madrilek eta Bartzelonak neurtuko dituzte indarrak. Denboraldiko aurreneko jardunaldia urriaren bigarren asteburuan jokatuko da.
Titulurako kanporaketa faseak maiatzaren 29an hasiko dira, eta Espainiako Errege Kopa, berriz, otsailaren 6tik 9ra ospatuko da Malagan.
Beltzezko Gizonek, baina, beste egun garrantzitsu bat dute gorriz azpimarratuta. Izan ere, Rafa Pueyok aurten zuzenduko duen taldeak NBAko talde baten bizita jasoko du, Philadelphiako Seventy Sixers-ena, alegia. Asteburu gogor bezain zailarekin hasiko du, beraz, denboraldi ofiziala talde bizkaitarrak.
Laboral Kutxak, aldiz, abuztuaren 26an hasiko ditu denboraldiaurreko entrenamenduak. Felix Fernandez kirol zuzendariak jakitera eman duenez, talde gasteiztarrak lau edo bost egunetako egonaldia egingo du irailaren amaieran Vielhan (Herrialde Katalanak).