Hiru porroten ostean, irabaztera behartuta dago Osasuna, aurrean Valentzia izango badu ere
ASIER LEGARDA-EREÑO
Iruñea
Ostegunean UEFAko final-zortzirenetako joaneko lehian Glasgown aspaldiko partidarik dotoreena jokatu ostean, Ligan ere itxura ona eman nahi du Osasunak gaur, Valentziaren aurka. Rangersen aurkako partida onak galtzen hasia zen konfiantza berreskuratzen lagundu behar die Osasunako jokalariei. Eta, aurrean Valentzia indartsua izango duten arren, hiru puntua lortzea ez den beste ezer aipatu ere ez dute egin nahi gorritxoek. Ligako azken hiru jardunaldietan hiru porrot jaso ostean, lehenbailehen suspertu behar dute txapelketarik garrantzitsuenean, Ligan, estutasunak saihestu nahi badituzte, behintzat.
«Ez dago aitzakiarik, partida ona egitera behartuta gaude, eta irabaztea premiazkoa dugu», esan zuen Jose Angel Zigandak atzo Taxoaren. Larraintzarkoari berdin zaio aurkaria nor den: «Valentzia talde itzela da, eta gutxi eginda ere partidak irabazteko gaitasuna dute. Atzean ikaragarri sendoa da Valentzia. Txapeldunen Ligan ere bizirik jarraitzen dute, baina ez dakit horrek eragingo dien; eta ez zait axola, euren ardura da. Dena dela, postu bakoitzerako bi jokalari bikain dituen taldea da. Hargatik, guri berdin zaigu nor den aurkaria. Azken boladan opari asko egin ditugu gure zelaian, puntu askok ihes egin digute, eta ezin dugu huts egiten jarraitu. Lehenbailehen 43 puntu batzea da helburua», adierazi zuen atzo.
Gainera, UEFAn erakutsitako joko txukunak mesede egin ahal diela badaki entrenatzaile nafarrak. «Ostegunekoak jokalariei konfiantza indartu izana espero dut», onartu zuen Zigandak. Badaki Ligak eta UEFAk zerikusi gutxi dutela, baina «futbolariarentzat oso garrantzitsua da konfiantza». Eta Celta, Espanyol eta Racingen aurka azken hiru jardunaldietan egindakoa konfiantza apurrik gabe geratzeko modukoa izan da. Nahi eta ezin aritu dira gorritxoak Ligan azken boladan. Hiru partida txar jokatu eta gol bakar bat ere sartu gabe amaitu dituzte azken hiru lehiak, eta konfiantza gutxitzen ari zen; osteguneko UEFAko lehia jokatu aurretik, behinikbehin. Jaitsiera postuei begira jarrita daude gorritxoak dagoeneko.
Valentziari irabaziz gero, bai, ziurrenik, konfiantza erabat berreskuratuko lukete. Eta konfiantzarekin daudenean bolada ikaragarri ona izateko gauza ere badirela erakutsi du talde honek sasoi honetan: abenduan munduko talderik onena izendatu zuen Futbolaren Historia eta Estatistika Federazio Internazionalak, esaterako.
TXANDAKATZE UGARI. Glasgown hasieratik aritu ziren jokalari gehienek ez dute gaur hasierako hamaikakoan izateko aukerarik izango, dena dela. Celta eta Espanyolen aurkako porroten ostean, argi ikusi zuen Zigandak jokalari askok maila asko jaisten zutela astea berean bi partida jokatuz gero, eta txandakatze sistema berreskuratzea erabaki du azken boladan. Glasgown hasieratik jokatu zuten hamaika gizonetatik lauk soilik jarraituko dute Valentziaren aurka ere hasierako hamaikakoan: Ricardok, Nekunamek, Raul Garciak eta David Lopezek.
RAUL GARCIAOsasunako erdilaria
«Ligak ematen diguguri benetan bizia»
A. L. EREÑOIruñea
Lehen itzuli gorabeheratsuaren ostean, bere jokorik onena erakusten ari da Raul Garcia berriro ere. Glasgown taldeko jokalaririk onena izan zen, eta gaur ere hasieratik ariko da. Bere burua gero eta hobeto ikusten duela aitortu dio BERRIAri.
1-1koa baino emaitza hobea lortu ahal izan zenuten Glasgown. Halere, Valentziari aurre egiteko kalterik ez dizue egin UEFAk, ezta?
Ez, Glasgowkoak eragin ona izan dezake. Talde osoa bikain aritu zen futbolean, eta jokatu genuen guztiak pozik gaude egindakoaz. Zirudien bezain gaizki ez gaudela konturatzea onuragarria izango da Valentziaren kontra aritzeko.
Milosevicen lesioa dela eta, ohi baino aurrerago joka dezakezula dirudi
Entrenatzaileak ez dit ezer baieztatu oraindik, baina orain une gozoan nago eta berdin zait zein postutan jokatu.
Une txarrak ere izan dituzu.
Bai, bai, denboraldiko zati batean ez nuen batere gozatu futbolean. Baina egoera guztietatik ikasten omen da zerbait, eta nik ere ikasi dut zelaira konfiantzarekin irtetea oso garrantzitsua dela. Lehen erraz egiten zenituen gauzak egiten ez ausartzera iritsi zaitezke bestela, eta hori azkena da.
Ligako bolada txarra eteteko garaia bada.
Bai, ostegunekoa eta gero bolada ona hastea espero dugu, eta ea Ligan behingoz erregulartasun pixka izatea lortzen dugun.
Txapeldunen Ligak nahastu ote dezake Valentzia?
Ez legoke gaizki, baina arreta guztia partida batean jarrita ez badute ere talde arriskutsua da Valentzia. Oso talde sendoa da defentsan, eta aurrean kalitaterik ez zaie falta.
Zuek ere asteazkenean etxean Rangersen aurka jokatu beharreko partida ahaztu egin beharko duzue, halere.
Ahaztuta dago. Egin beharrekoa egin genuen. Valentziaren aurkakoa oso partida garrantzitsua da. UEFA opari moduan hartu behar dugu. Horrek ez du esan nahi UEFA oparituko egingo dugunik, baina benetan bizia ematen diguna Liga da.