Baina Marmoladako, Plan de Coroneseko edota Mortiroloko etapetara heldu baino lehengo ere, lanak. Tentsioa. Ibilbide bihurriak. Edozein tokitan, edozein unetan gal daiteke, gerora oso garrantzitsua izan daitekeen segundo sorta. Areago, Italian duten korritzeko moduarekin; areago, Italian prestatzen dituzten etapa bukaerekin.
Baina, hasteko, eta iaz bezala, taldekako erlojupekoa jokatuko da gaur, Palermon. 23 kilometro. Lidergoa hartzeko eta alde txiki batzuk ateratzeko balioko du horrek. Baina hurrengo egunak ez dira, ez, lasaiak izango. Aurreneko atseden egunera heldu bitartean, zortzi etapetatik seitan 200 kilometro baino gehiago egin beharko dituzte txirrindulariek. Eta horietako hiru baino ez dira lauak.
Izan ere, bigarren, hirugarren eta zortzigarren etapak muinotxo batean bukatuko dira. Sailkapen nagusiaren lehian ibiliko diren txirrindulariei adi-adi egotea komeni zaie, tropela ia beti mozten baita gisa horretako etapetan. Eta zazpigarren saioan, berriz, Abruzzi mendilerroa zeharkatuko du Giroko tropelak, eta Pescocostanzora heldu. Pietranseri, lasterketako lehen mendate serio igoko dute orduan. 10 kilometroko luzera du, eta %6,5eko batez bestekoa. Nahikoa, garapen aldaketaren ondorioz, txirrindularien hankak blokeatzeko. Nahikoa, faboritoak nabarmentzen hasteko. Helmugara bidean, berriz, beste hiruzpalau kilometro egin beharko dituzte goraka.
Alde handiagoak eragingo ditu, ordea, 10. etapan jokatuko den erlojupekoak. Giroan ohi duten moduan, distantzia ez da sekulakoa, baina 39 kilometrotan sailkapen nagusia zehaztu daiteke.
DOLOMITAK, IKUSGARRIAK. Bizpahiru egun lasaien ondoren, ordea, egurra! Dolomitetan bete-betean sartuko dira txirrindulariak, eta hiru egunetan sailkapena erabat zehaztuko da, ziurrenik. Dolomitetako etapak ikusgarriak dira. Ikusgarriak ibilbideari, paisaiar, dagokionez, eta gozamen hutsa zaleentzako. Infernua, ordea, txirrindularientzako.
14. etapan, Verona eta Alpe di Pampeago artean, aurreneko zigor serioa hartuko dute txirrindulariek. Manghen handi bezain ederra igaroko dute lehenik. Madeleinen, Galibierren edo Tourmaleten antzeko aldapa da, pendizari eta luzerari dagokionez. Eta bukatzeko, Pampeago aldapatzarra. Aurrekoa baino motzagoa, baina malda ezin tenteagoekin.
Eta hurrengo egunean, Giroko etapa nagusia. Arabba eta Marmolada artean 150 kilometro pasatxo, baina 4.700 metroko desnibela. Izugarria. Pedalei eragiten hasi eta berehala Pordoi; gero San Pellegrino gaiztoa; Giau tentea hurrena, Falzarego ederra ondoren, eta amaiera, aurreneko aldiz Giroaren historian, Marmoladako aldapa ikusgarrietan.
Ederra izango da, halaber, hurrengo eguneko kronoigoera. 13 kilometro San Vigilio eta Plan de Corones artean. Passo Furcia igaro ondoko kilometroak, azkeneko laurak, ikusgarriak behar dute. Igotzaileentzako luzitzeko aukera.
Jada nekatu antzean egongo dira txirrindulariak eta bi egun edukiko dituzte indartzeko. Izan ere, Milaneko azken erlojupekoaren aurreko bi etapak ere gogorrak, oso gogorrak dira. 19.a Monte Poran bukatuko da, Vivione serioa pasa ondoren, eta azken-aurrekoa, berriz, Tiranon, Gavia eta Mortirolo mitikoak igarota.
Ordurako jota egongo dira txirrindulariak, jota taldeak. Giroan Pro Tourreko talde guztiak lehiatuko dira, Bouygues Telecom eta Credit Agricole kenduta. LPR, Barloworld, Navigare, Diquigiovanni, Slispstream eta Tinkoff gonbidatuek osatuko dute 22ko zerrenda. Richeze (Navigare) argentinarra, berriz, ez da lehiatuko, anabolizatzaileekin positibo eman duelako.
ZenBaKIa
12
1996tik, garaile guztiak italiarrak. Tonkovek irabazi zuenetik, 1996tik, 12 urte igaro dira garaile atzerritarrek irabazi gabe. Gotti, Pantani, Garzelli, Simoni, Cunego, Basso, Di Luca eta Savoldelli nagusitu dira.FaBorITo naGuSIaK
Danilo di Luca
LPR
Dopina zela eta ez zela, hilabete batzuetarako zigortu zuten, baina, azkenean, errugabea da , eta iaz lortutako garaipen handia defendatu ahal izango du. Bere aurreneko urteetan klasikozalea zen, bospasei eguneko itzulietako txirrindularia, baina, eskarmentua hartu ahala (32 urte dauzka) hiru asteko lasterketetan ere aurrean ibili daitekeela erakutsi du.
Gilberto Simoni
Diquigiovanni
Bitan garaile (2001 eta 2003), behin bigarren (2005), lautan hirugarren (1999, 2000, 2004 eta 2006), laugarren iaz... Azkeneko urteotan Giroan ondoen moldatu den txirrindularia da Simoni. Igotzaile peto-petoa; orain, 36 urterekin, ez da duela urte batzuk bezain bortitza, baina beti dago lehiarako prest. Sasoi honetan ez da nabarmendu.
Alberto Contador
Astana
Munduko igotzailerik bortitzena ziurrenik; iazko Tourreko irabazlea. Bere taldea azken unean gonbidatu dute, eta sasoiko ez dagoela esan du espainiarrak. Halere, ez da geldi egotekoa, ez da tropelean ezkutatzen diren horietakoa, eta mendiko etapak iritsi arte, edukiko du puntu-puntuan jartzeko betarik. Dolomitetan ondo baldin badago, lasterketa txikitu dezake.
Levi Leipheimer
Astana
Txirrindulari beteranoa, Lance Armstrong herrikidearen itzalean hazitakoa. Taldeburu izatea tokatu izan zaionean muturretik gertu ibili izan da beti, baina sekula ez da txirrindulari garailea izan. Dena den, hirugarren izan zen iazko Tourrean. Espezialista da erlojupekoetan, eta sasoiko dagonean ez da atzera gelditzen mendateetan.
Mauricio Soler
Barloworld
Bat-batean, ezustean, agertu zen iazko Tourrean, eta erakustaldia emanda irabazi zuen Briançongo etapa, Galibier mendatetzarretik lehen postuan igaro ondoren. Gainera, mendiko sailkapen nagusian gailendu zen. Kolonbiarra izan arren, gorputz indartsua dauka. Tourra prestatzeko ariko da Giroan, baina puntuan jartzen bada, adi.