Etapa hasi eta berehala hainbat txirrindularik ihes egitea, kilometro askoan egurrean aritzea, eta helmugarako gutxi falta dela tropelak guztiak harrapatzea. Etapa baten ohiko gidoia da hori. Gaur, ordea, gidoia hankaz gora geratu da Espainiako Vueltako hirugarren etapan. Picon Blanco mendate gogorrean amaitu da etapa, eta hara iritsi aurretik ia 200 kilometro egin behar zituzten ziklistek. Lan handiak dira horiek hirugarren egunerako, eta tropelak patxadaz hartu du zaintza lana. Jumbok, Primoz Roglic liderraren taldeak ere ez du interesik azaldu maillot gorriari eusteko.
Eta iheslariek ondo aprobetxatu dute. Lau minutuko aldearekin iritsi dira Picon Blancoko magalera. Zortzi txirrindulariren artean jokatu da garaipena azken zortzi kilometroetan; tartean zeuden Julen Amezketa lizarratarra (Caja Rural) eta Euskaltel-Euskadiko Antonio Jesus Soto espainiarra. Lilian Calmejane (Ag2r), Tobias Bayer (Alpecin), Jetse Bol (Burgos), Rein Taaramae (Wanty), Kenny Elissonde (Trek) eta Joe Dombrowki (UAE) ziren beste sei ziklistak. Aldapan gora, banaka hasi dira amore ematen guztiak, eta Taaramae bakarrik geratu da aurrean, indartsu, erasokor. Pozarren helmugaratu da 34 urteko txirrindulari estoniarra. Bigarren garaipena du Vueltan, azkenekoa lortu eta hamar urtera. Gaurkoak, gainera, sari handia izan du: maillot gorria. 25 segundora du Elissonde, eta 30era Roglic.
Faboritoen artean egon da saltsa pixka bat. Elkarrekin ekin diote Picon Blancori. Bahrainek soka tenkatu du, baina ez da egon Mikel Landaren erasorik. Movistarrek soilik mugitu du zuhaitza, amaieran, eta, horri esker, Enric Masek hiru segundo atera dizkie beste faboritoei: Miguel Angel Lopezi (Movistar), Roglici, Adam Yatesi (Ineos), Landari eta Egan Bernali (Ineos). Hugh Carthyk (Education First), ordea, 24 segundo galdu ditu Masekiko; Romain Bardetek (DSM), 32; Richard Carapazek (Ineos), 1.03; eta Guillaume Martinek, (Cofidis) 1.30.
Hirugarren etaparekin konparatuta, oso bestelako etapa izango da asteartekoa, laugarrena, El Burgo de Osma eta Molina de Aragon artekoa: ia lauak dira 163,9 kilometroak.